Eneritz Arizmendiarretak hartu du hitza ekitaldian, inauguraziora bertaratutakoak testuinguruan jartzeko: "Aurten, 85. urteurrena izanda, eta proiektu bat martxan egonda, Angiozarreko historia aurkeztuko den liburu batena, pixka bat gure historia herritarrei aurkeztu nahi izan diegu, eta, bide batez, memoriaren txokoa inauguratu".
Horrekin batera, txalapartariak izan dira, Josu Zubiak zenbait kantu eskaini ditu gitarrarekin, herriko lau haurrek dantza ere egin dute Gerra Zibilaren aurreko trikiti bati Harkaitzek jarritako doinuei esker…
Faxistek hildako angiozartarrak
Gerratea eta errepresioa bizi izan zuten angiozartarren oroimena ez galtzeko Francisca Oyanguren, Faustino Garitano, Andres Alberdi eta Gregorio Larrañaga izan dituzte gogoan ekitaldian.
Gregorio Larrañaga gogoan
Bizipen hunkigarriek ere izan dute lekua ekitaldian. Izan ere, Ainhoa Larrañaga herritarrak ere hitza hartu du, eta bere familiako kontakizunak izan ditu berbagai:"Gure aititaren anaia, Gregorio Larrañaga atxilotu zuten 26 urte zituela, Gerra Zibilean, apaizak salatuta. Preso sartu zuten, eta salatu zuen apaiza bisitatzera joan zenetik ez daukagu bere berririk. Beraz, familiarentzat sendatu gabeko zauri bat da".