Antzeztutako bisita gidatua eta lore eskaintza, domekan, Intxortako erresistentziaren 85. urteurrena aldarrikatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 1a, 11:05
Antzeztutako bisita gidatua La Belga posizioan.

Domekan izango dira biak. 37 boluntariorekin egingo duten antzeztutako bisita gidatua 10:00etan abiatuko da Mendizaleen plazatik. Lore eskaintza Salbadorren izango da, 14:00etan.

Egunotan betetzen dira 85 urte Intxortako frontea ezarri zela. Urteurrena gogora ekartzeko antzeztutako bisita gidatua eta lore eskaintza prestatu dituzte domekarako Elgetan.

Mendizaleen plazatik abiatuko da, 10:00etan, bisita gidatu antzeztua. Gehienez ere, 30 laguneko taldea izango da, eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea, 943 79 64 63 telefono zenbakira deituta.

Bisitariek, bidean, zazpi geldialdi egingo dituzte. Ozkarbipean errefuxiatuei harrera egiteko gunea eta lehen arretarako sendagileen postua ikusiko dituzte. Olatzako pagadian gudari talde baten kontrola gainditu beharko dute, eta Asentzioko baselizan tropa frankistekin egingo dute topo. Gudarien lubakietaraino iristea lortzen dutenek babeslekua zein La Belga posizioa ezagutzeko aukera izango dute.

Intxorta 1937 kultur elkarteko Nerea Villak azaldu du herriko boluntarioez gainera Lubaki elkarteko zein Frentes de Euskadi taldeko kideek hartuko dutela parte antzezpenean.

Salbador ermitan amaituko da bisita, Elgetako biktima zibilen omenezko oroitarrian 14:00etan egingo den lore eskaintzarekin.

Ekitaldiok egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzea dute helburu nagusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak