Pozik etxera Berlinen ikusi eta ikasitakoarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 30a, 19:38

Jessica Ots eta Rouse Garcia jugger jokalariak, Elgetan.

Alemaniatik bueltan dira Jessica Ots eta Rouse Garcia. Jokatu berri den munduko jugger txapelketan izan dira. Esperientzia aberasgarria izateaz gainera kontaktu berri asko egin dituztela eta aurrera jarraitzeko indarberrituta etorri direla azaldu dute. 32. postuan sailkatu da Arima Galduak taldea. 72 zeuden txapelketan.

Barikutik domekara bitartean jokatu zen, Berlinen, munduko jugger txapelketa. 72 talde elkartu ditu; tartean, Ots eta Garcia kide diren Arima Galduak taldea. Egunean zazpi bat norgehiagoka jokatu dituzte, eta sailkapeneko 32. postuan amaitu dute. "Pozik gaude emaitzarekin. Talde oso onak egon dira, eta sailkapenean erditik gora gelditzea oso marka polita da", esan du Otsek. Aurrez aurre izan dituzte AEBetako, Australiako, Lituaniako, Suitzako, Austriako, Poloniako, Hungariako, Frantziako eta Suediako taldeak. 

Olympiakos futbol zelaiaren ondoko instalazioetan jokatu da txapelketa. "Antolakuntza oso ona izan da. 32 jugger zelai zeuden. Eremu ikaragarri handia zen, eta, lehen jardunaldia ordu erdiko atzerapenarekin hasi bazen ere, gainerakoetan puntualitate handiz jokatu dira partida guztiak. LGTBI kolektiboari erakutsitako babesa ere handia izan da. Jokalari askok zuten ikurra jarrita, eta taldeetako batzuek kamisetetan inprimatuta ere bai".

Multzoka jokatu da txapelketa, eta Rigor Mortis talde alemaniarrak eta The Fellowship talde murtziarrak jokatu zuten finala. Murtziarrak izan dira nagusi. "Maila oso handiko taldeak dira. Ez dugu haien kontra jokatzeko aukerarik izan, baina esperientzia bikaina izan da txapelketan egotea. Jende asko ezagutu dugu, kontaktu berri asko egin ditugu eta hogei bat kamiseta trukatu ditugu. Ikasi ere asko egin dugu; batez ere, gauzak nola ez egin ikasi dugu".

Pandemia osteko denboraldiari ekiteko indarberrituta etorri dira, eta Zaragozan dute hurrengo hitzordua, azaroaren 10ean. Juggerra ezagutu nahi dutenei, gerturatzeko dei egin diete.

Beste txapelketa bat ere jokatu da asteburuan Valladoliden. Arima Galduak taldeko jokalariak ere izan dira bertan. 28 talde ziren, eta 23. gelditu dira. "Jokalari berriekin osatutako taldea izanik, emaitza ona dela uste dut", esan du Otsek.

Entrenamenduak, domeketan

Domeketako entrenamenduekin jarraituko dute orain. 10:30ean elkartzen dira, Labegaraietan. Bi orduko saioak izaten dira. Ateak zabalik dituztela azpimarratu dute.

Erlazionatuak

Munduko jugger txapelketa, Berlinen

Larraitz Zeberio Lekuona 2021 ira 30 Bergara   Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak