Irailaren 19an La Palma uharteko Cumbre Vieja sumendia erupzioan sartu zenetik, hainbat izan dira kalte material zein pertsonalak jasan dituzten kanariarrak. Hondamendiaren dimentsioa aintzat hartuta, jatorriz uhartekoa den Aita Menniko langile batek laguntza kanpaina bat abian jartzeko proposamena egin zion erakundeari.
Beharrezko kudeaketa egin ostean, gaur bertan ireki du osasun zentro arrasatearrak ekarpenak egiteko aukera, eta urriaren 10era arte egongo da El Pasoko herritarrei laguntzeko aukera. Aipatu behar, halaber, Aita Mennik "publikoki eskerrak" eman nahi izan dizkiola Nacex enpresa banatzaileari; izan ere, mezularitza eta logistika erakundeak muxutruk bidaliko ditu Arrasateko egoitzan bildutako produktu guztiak.
Hiru laguntza mota aukeran
Hala nahi duen herritar orok egitasmoarekin bat egin dezan, hiru ekarpen mota egiteko aukera eskaintzen du Aita Mennik. La Palmako herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko, haur eta helduentzako garbitasun zein etxeko produktuak bilduko dira: pixoihalak, biberoiak, neurri guztietako pijamak, izarak eta toailak, besteak beste. Iraungitze datarik ez duten jakiekin laguntzeko aukera ere egongo da. Produktu hauek Garagartzako egoitzako harreran jasoko dira, bilketa kanpaina honetarako propio ezarritako txokoan.
Ekarpen ekonomikoa egin nahi duten herritarrek, aldiz, bi aukera izango dituzte. Alde batetik, Aita Menniko sarreran aurrez aipatutako produktuetara bideratutako diru laguntza zuzena egiteko aukera egongo da; osasun zentroko langileak arduratuko dira erosketaz. Bestetik, kaltetutako El Pasoko Udaletxeari laguntza ekonomiko zuzena egiteko aukera ere egongo da, banku-transferentzia bidez (La Caixa - EF26 2100 7109 3122 0015 5652) edota Bizum aplikazioa erabiliz (Kodigoa: 03748).