Bergararen kontra lortu du Aloña Mendik beharrezkoa zuen garaipena

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 26a, 20:00

Ligako hirugarren jardunaldiak debagoiendarren arteko beste derbi bat utzi du, Aloña Mendik Bergara hartu du gaur. Oñatiarrek galtzen hasi dute partidua, baina bigarren zatian hiru gol eginda lortu dute ligako lehenengo garaipena (3-2). Hala, garaipen horrekin arnasa hartu dute txantxikuarrek.  

Sailkapenari begira baino konfiantzari begira behar zuen Aloña Mendik partidu bat irabaztea. Izan ere, mailaz igo berri den taldea izatearekin batera iaz ez zuten ligarik jokatu, eta lehenengo bi partiduak galdu ostean mamuak uxatzen hasteko momentua zen: lehiakorrak dira Ohorezko erregionalean.

Kontrara, Bergarari kontrako eztarritik joan zaizkio azken jardunaldiak. Agorrosinetik kanpora jokatu ditu biak, bailarako taldeen kontra, eta ez dute punturik batu. Hala, etxean egin beharko dira mahoneroak indartsu.

Lehenengo zatian Bergarak izan du baloia gehiago

Lehen zatian Bergarak izan du baloia, baldin eta Azkoagain moduko zelai batean halakorik esan badaitekeen. Partidu borrokatua izan da, kontaktu gehiagokoa, eta joan-etorri zoro horietan irudipena izan da Bergarak hobeto zekiela zertan zebilen. Hala ere, gol aukerak izan dira ate bietan. Asmatu, baina, bergararrek egin dute  (28. minutuan) Oier Jauregik egindako jaurtiketa bat eskoadratik sartu eta gero (0-1).

Bigarren zatian, berriz, oñatiarrek gora egin duten moduan egin dute behera bergararrek. Iltzarbe aldagelara joan da bernan min keinu batzuk eginda –lehenengo zati amaieran– eta bigarren zatirako bergararrek zenbait moldaketa egin behar izan dituzte. Hala, Aloña Mendi beste talde bat izan da. Zenbait gol aukera garbiren ondoren, 65. minutuan etorri da Martxelen gola (1-1). Horren ostean, Aloñakoek nagusitasunarekin jarraitu dute, eta horren ondorioz iritsi dira Kevin Martinen (2-1) eta Ander Bikuñaren (3-1) golak.

Bazirudien dena eginda zegoela, eta hori pentsatze hutsa garesti ordaindu dute oñatiarrek, hilda zegoen Bergarak itxaropenerako gola egin duelako luzapenenaren hasieran (3-2) eta 4 minutu geratzen ziren oraindik. Orduan etorri da partiduko une kuriosoetako bat, epaileek ere min hartzen dutelako, eta giharretako arazoekin Tejadas epaileak bere lekua utzi behar izan dio marrazainari. Bada, azken minutu horiek luzeak egin zaizkio ordura arte marrazain zenari, txistua hartzearekin batera tentsio handiko minutuak bizitzea tokatu zaiolako. Ez du, baina, Bergararen iraultzarako astirik eman.

Mondrak berdindu, UDAk galdu

Ligako lehenengo bi partiduak irabazi eta gero Aretxabaletak galdu egin du Ordiziaren zelaian (2-1) eta Mondrak hirugarren astez jarraian berdindu egin du norgehiagoka, oraingoan Mutrikun (1-1).

Erlazionatuak

Aloña Mendi-Bergara, iruditan

Xabier Urtzelai 2021 ira 26 Bergara   Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak