Urriaren 17an egingo da Kooperatiben arteko VI. Lasterketa Solidarioa

Jon Irizar Aranguren 2021ko ira. 28a, 08:42

Kooperatiben arteko V. Lasterketa Solidarioko hainbat parte hartzaile helmugaratzen

Urtebeteko geldialdialdiaren ostean, urriaren 17an egingo da Urkuluko urtegian Mundukidek antolatutako Kooperatiben arteko Lasterketa Solidarioaren VI. edizioa. Antxintxika, Nordic Walking modalitatean zein oinez dago elkartasunaren festa honetan parte hartzeko aukera.

Kurtzebarriren magala elkartasun eta konpromiso urratsez beteko da urriaren 17an. Urtebeteko geldialdiaren ostean, bueltan da Mundukide Kooperazio Kooperatibak antolatutako Kooperatiben arteko Lasterketa Solidarioa; esperientzia kooperatiboak sortzen duen gizarte ekonomiako eredu justu eta ekitatibotik abiatuta, Afrikan eta Hego Amerikan programa soziekonomikoak garatzeko laguntza ekonomikoa biltzen duen lasterketa.

Hiru modalitate aukeran

VI. edizio honek ere Urkuluko urtegia izango du ardatz, eta hiru modalitate izango dituzte aukeran 6,3 kilometroko itzulia osatzera hurbiltzen diren herritarrek: X3 Talde Lasterketa, Nordic Walking modalitatea edota oinez egitea.

Goizeko 10:30ean abiatuko dira lehen parte hartzaileak; Nordic Walking modalitatean zein oinez arituko direnak, hain zuzen. Ordu erdi geroago ekingo diote lasterketari, aldiz, urtegia antxintxika inguratuko dutenek. Aipatu behar, halaber, azken modalitate hau kooperatiba bakoitzeko hiru kidek osatutako taldetan egin beharko dela.

Izen ematea zabalik da dagoeneko Mundukideren webgunean, eta pertsonako 15 euroko ekarpena egin beharko dute lasterketan parte hartu nahi duten langileek; 5 eurokoa, berriz, ikasleek.

Dortsal solidarioa

Urriaren 17an Urkulura hurbildu ezin diren herritarrek ere izango dute ekarpen ekonomikoa egiteko aukera. Izan ere, Mundukideren lana babesteko dortsal solidarioa erosteko aukera egongo da lasterketan parte hartzeko bete beharreko izen emate orrian bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak