Paper-fabriketako hondakinak tratatzeko planta bat jarriko dute Bergaran

Eneko Azkarate Laspiur 2021ko ira. 23a, 22:00
Larramendiko industrialdean Wolfratex aurrean geratzen den lursaila hartuko du Greeneren plantak.

Elxen (Alacant) kokatuta dagoen Greene (Greene Waste to Energy) enpresak lantegi bat irekiko du Bergaran, Larramendiko industrialdean. Paper-fabriken hondakinetako azpiproduktuak tratatuko dituzte planta horretan. San Juan, Ubera eta Basalgoko bizilagunekin harremanetan da Bergarako Udala; auzotarrek kezkaz jaso dute berria.

Alacanteko Greene enpresak bat egin du "Euskadiko hainbat inbertitzailerekin", eta Valogreene Paper BC sortu du Bergaran kokatzeko. 20 milioiko inbertsioa egingo dute. Lanak azaroan hasi nahi dituzte, 2023ko lehen hiruhilekoan planta berrian jarduera abiatzeko. Greenek GOIENAri adierazi dionez, 45 lanpostu sortuko dituzte, "zuzenekoak eta zeharkakoak" kontuan izanda. Bergarako instalazioan tratatutako materialak lehengai gisa erabiliko dira karga mineral ekologikoak ekoizteko. Material berriztagarria izango da, eta bi sektoretan erabiliko da: eraikuntza eta kimika industriala. "Proiektu honi esker, gaur egun berriztaezinak diren materialen ordez ekomaterialak erabili ahal izango dira, lokatzei eta papelotearen errefusari esker sortuak".

Larramendin prozesatuko diren azpiproduktuak bi dira: batetik, papera ekoiztean sortutako lokatzak; eta, bestetik, papelotearen errefusa izeneko azpiproduktuen nahasketa bat

Adierazi dutenez, planta berri hori ekonomia zirkularraren alorrean erreferentea izango da mundu mailan. Greene Waste To Energy-k "Euskadiko paper-industriarekin batera" diseinatutako teknologiari esker, paper-fabriketako azpiproduktuak hainbat industria-sektoretan erabil daitezkeen ekomaterial bihurtzeko aukera emango du. Proiektu honekin, paper-industria sektorearen "garapen ekonomiko eta soziala ingurumen jasangarritasunarekin bat" egitea ahalbidetuko duela diote Greenetik.

Ecocargas izeneko materiala sortuko da plantan tratatutako materialarekin.

Larramendin kokatuko den Valogreeneko lantegian, "modu guztiz iraunkorrean" prozesatuko diren azpiproduktuak bi dira: batetik, papera ekoiztean sortutako lokatzak; eta, bestetik, papelotearen errefusa izeneko azpiproduktuen nahasketa bat. Bi material horiek paper-industriaren ekoizpen-prozesuan lortzen dira, eta orain arte zabortegira eraman izan dira. Tratamendu-instalazio honi esker, hondakinak "lehengai jasangarri berri" bihurtuko dira. Plantak balioko du urtean "122.000 tona hondakin zabortegian ez uzteko", eta "atmosferara urtean 150.000 tona CO2 botatzea" saihestuko da.

San Juan, Basalgo eta Uberako auzotarrak kezkatuta daude, hondakinak berrerabiltzeko prozesu kimikoan "sor daitezkeen keengatik edo usainengatik"

18.770 metro koadro

Bergarako instalazioan tratatutako materialak bi sektoretan erabiliko dira: eraikuntza eta kimika industriala. "Proiektu honi esker, gaur egun berriztaezinak diren materialen ordez ekomaterialak erabili ahal izango dira, lokatzei eta papelotearen errefusari esker sortuak". Larramendiko industrialdeko H partzelan –18.770 metro koadro– kokatuko da hondakin industrialen tratamendu-planta. Industrialdeko sarrera nagusian, ezkerretara geratzen den gunean. Wolfratex kokatuta dagoen eraikinetik gertu. Proiektua Udalean aurkeztu dute eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen baimenaren zain daude. 

Auzotarren artean kezka

Bergarako Udala harremanetan dago San Juan, Basalgo eta Uberako auzotarrekin. Joan den astean egin zuten lehen batzarra, San Juanen. San Juango, Uberako eta Basalgoko etxeetako –baserriak gehienak– 60 bat lagun elkartu ziren Gorka Artola alkatearen eta Udal Gobernuko beste zinegotzi eta udal teknikari batzuen azalpenak lehen aldiz jasotzeko. Eguazten honetan, beste batzar bat egin dute, udaletxean, hiru auzoetako ordezkariekin, eta datorren astean berriro elkartuko dira.

Auzotarrak arduratuta daude plantak hondakinak berrerabiltzeko prozesu kimikoan "sor daitezkeen keengatik edo usainengatik". Eta jarduerak inguruan sortu ahal duen inpaktuagatik. "15 metroko tximinia izango du lantegiak", adierazi diote GOIENAri.

Horren gainean, Greenetik adierazi dute tratatuko dituzten azpiproduktuek ez dutela usainik sortuko eta materialak ez direla ikusiko. Era berean, tratamendu-planta eraikin itxi baten egongo dela eta ez duela zaratarik aterako. Horretaz gain, sortutako ke eta urak plantan bertan tratatuko dituztela, ez dela ur-baporerik sortuko eta, ondorioz, isuriak ez direla nabarituko.

Bergarako alkatea, auzotarren ordezkariak eta "kimikan aditu bat" Alacantera joango dira urriaren 4an, Greene enpresak bertan daukan planta-pilotu bat bertatik bertara ezagutzeko. Greenen Alacanteko planta horren jarduera esperimentala da oraindik. Bergaran jarri nahi dutenaren modukorik ez dago beste inon. Ez dago aurrekaririk. Horrek kezka eta mesfidantza handitu du auzotarren artean. Udal ordezkariek aurreratu die auzotarrei ingurumen txosten bat egingo dutela plantaren inpaktua zein izango den jakiteko. 15.000 euro ordainduko ditu horretarako.

Moira Capital inbertitzailearen babesa

Greene Waste to Energy 2011n sortu zen, Elxeko lau ekintzaile kimikariren ekimenetik. Gaur egun, 40 langile baino gehiago ditu, eta Moira Capital inbertitzailearen laguntza du. Hainbat arlotan dihardute: hiri-hondakin solidoetan (HHS), industria-hondakinetan, ur-tratamenduen biomasetan...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak