'Teknopolis' saioaren denboraldi berria aurkeztu dute Garaian

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 23a, 10:33

Teknopolis saioko lantaldea. Argazkia:Teknopolis

Gaur aurkeztu dute Teknopolis saioaren denboraldi berria, Mondragon Unibertsitatean, Garaia parke teknologikoan. Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria, asteburu honetan abiatuko da; ETB1en 15:00etan emango dute zapatuan, eta domekan 13:30ean ETB2n.

Asteburu honetako emisioaren ostean, hurrengo astetik aurrera, berriz, Teknopolis bere ohiko ordutegira itzuliko da: zapatutan 13:30ean ETB1en eta domeketan ETB2n, ordu berean.

Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera izango dira.

Eskarmentu handiko saioa

Leturiak prentsaurrekoan azaldu duenez, azken hilabeteak koronabirusaren pandemiak baldintzatu ditu; erronka handia izan da Teknopolisentzat osasun-krisiaren nondik norakoak publiko orokorrari azaltzea, eta ederki asko gainditu du. Orain ez dute koronabirusaren gaia baztertuko, noski, baina beste asko dituzte esku artean, "zientzia, ikerketa eta berrikuntza gelditu ez diren seinale, ez eta gai horiek komunikatzeko beharra ere".

Teknopolisen ezaugarrien artean, zorroztasuna eta zehaztasuna nabarmendu ditu Leturiak, eta, horiekin batera, gertutasuna: izan ere, 24 denboraldik eskarmentu handia eman die zientzia-gaiak modu interesgarri eta entretenigarrian azaltzeko.

Prentsaurrekoan, lantzen ari diren gaietako batzuen berri eman dute, hala nola itsaslabarren azterketa droneen bidez, elikadura osasungarriaren eta jasangarriaren arteko oreka zaila, armiarma-sareak, argindarraren prezioaren gorabeherak edo mikrotxipen krisia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak