Ikus-entzunezkoetan, euskara "desagertzeko arriskuan" dagoela ohartarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak, Gobernuak erakutsi dituen asmoak jakin dituenean. Paul Bilbao Idazkari Nagusiak azaldu duenez, hizkuntza-eskaerak bermatzeko eskaerei "entzungor" egin die Gobernuak. "Ikus-entzunezko Lege Orokorraren lehenengo zirriborroaren ostean, Gobernuak aukera izan zuen neurriak hartzeko, baina ez zuen halakorik egin. Gurea bezalako hizkuntzei inolako tarterik ez esleitzeko aukera zabalik utzi zuen beste behin", azaldu du Bilbaok.
Zehazki, Kontseiluak hizkuntzen erabilerari buruzko artikulu guztietan kuota zehatz batzuk agintzeko eskatu zuen, lehenengo zirriborroa aurkeztu zenean; Bilbaoren hitzetan, hori baita hizkuntza gutxituen erabilera bermatzeko "bide bakarra". Galizieraren edota katalanaren aldeko gizarte eragileek ere antzeko zuzenketak egin zizkioten aurreproiektuari, baina denak ezeztatu ditu Madrilgo Gobernuak. "Lege honek gurea eta gure bezalako hizkuntzen desagerpena ekar dezake ikus-entzunezkoen eremuan", esan du Idazkari Nagusiak.
Litekeena da datorren astean legearen tramitazioa abiatzea, eta horren aurrean, Kontseiluak iragarri du eragile sozial eta alderdi politikoekin "erantzun bateratua emateko estrategia" adosteari ekingo diola.