2015-2016ko hitzarmena berriztea da bi eguneko grebaren xedea. Sindikatuek biltzeko eskaera eginda diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, baina erantzunik jaso ez dutela salatu dute. Batez ere, langileen ratioak handitzea da eskaera nagusia, "egoiliarrei kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko".
Bego Gainza Deba Eskualdeko ELAko ordezkariak adierazi duenez, pandemiaren aurretik greba mugagabean zeuden egoitzetako langileak: "2020ko martxoaren 15ean greba bertan behera utzi genuen pandemiaren kontuagatik, baina negoziatzeko eskaera egiten jarraitu dugu. Lotsagarria da erantzunik ez izatea".
Horren harira, LABek ere gehitu du aste honetako deialdia aspalditik martxan dagoen "borroka prozesuaren segida" dela; baita urtarrilaren 26an eta martxoaren 4a egindako "borroka egunen" jarraipena ere. "Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak, soldata-arrakalak, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak...", gehitu du sindikatuak.
Gainzaren arabera 5.000 langileri eragiten die egoerak, eta sindikatuak eta egoiliarren senideak batera ari dira "kalitatezko zerbitzua emateko nahian". LABek azpimarratu du "negoziazio kolektiboa berraktibatu" eta "gatazka desblokeatzeko" momentua dela.