Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Udaberri 2024 plana aurkeztu du gaur. Maiatzeko zirriborroa "aberasten eta indartzen" duen alderdiak gehitu dizkiotela esan du, eta horren harira kapitulu berri bat erantsi dutela azaldu du: "ETAren amaierak garai berria, agertoki berria, erronka berria ireki du, aniztasunean elkarrekin bizitzeko. Horregatik ez dago lekurik indarkeria eta intolerantziarentzat". Kapitulu horretan ongietorri publikoak aipatzen dira. "ETAren terrorismoa eta indarkeria erabili, justifikatu eta testuinguru batean jarri dutenak interpelatu behar dira", dio Artolazabalek.
Udaberri 2024 planak hiru agenda ditu: Bizikidetzarako Euskal Agenda, Giza Eskubideen Agenda Globala eta Aniztasunerako Euskal Agenda. Hiruen arteko elkarrekintzak dekalogo baten jaso dituzte. "Dekalogoak terrorismoaren eta beste indarkeria-adierazpen batzuen biktimen aitortza legala, instituzionala, soziala eta morala egiten du; halaber, gure memoria eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, eta nortasun propioa duen eta euskal ereduan jasotako helburu birsozializatzailea duen espetxe-politika baten defentsan jarraitzen du", gehitu du sailburuak.