Antzuolan, Aretxabaletan, Bergaran, Eskoriatzan, Leintz-Gatzagan eta Oñatin, etxeko olioa botatzeko edukiontzi berriak jarriko dituzte datozen egunetan. Hala, aurrerantzean, olioa edozein motatako ontzi itxian bota ahalko da.
Orain arte kalean jarrita egon diren edukiontzi berdeak erretiratu, eta edukiontzi laranjak jarriko ditu datozen egunetan Debagoieneko Mankomunitateak. Horrez gain, olioa botatzeko puntu gehiago jarriko dituzte.
Olioa botatzerako orduan ere, aldaketak egongo dira; aurrerantzean, edozein materialetako ontzi itxian bota ahalko da: plastikozkoak, beirazkoak, tetrabrikak… Mankomunitateak jakinarazi duenez, sukaldeko olioaren bilketa "egoki eta arduratsua" bultzatu nahi du, eta herritarrei bide horretan erraztasunak eman.