Derbi gehiago asteburuan, eta ligako bigarren jardunaldia baino ez dator oraindik. Domekan, Aretxabaletak Bergara hartuko du Ibarran (16:30); hala, Calzonen mutilek joan den astean Azkoagainen eskuratutako hiru puntuei jarraipena eman diezaiekete, eta horrela liga hasiera borobila egin; kontrara, Bergarak joan den astean etxean 0-0 egin eta gero, Ibarratik ez du esku hutsik bueltatu gura. Mondrak ere berdindu egin zuen joan den astean (0-0) eta zapatuan Amaikak Baten bisita izango du Mojategin (16:30); eta azkenik, Irunen jokatuko du, Real Unionen kontra, Aloña Mendik zapatuan (15:30).
Emakumezkoak, asteburuan
Emakumezkoek, berriz, asteburuan hasiko dute liga, eta Leintz Arizmendi da etxean jokatuko duena. Andoni Ezkurrak zuzentzen duen taldeak Mariñoren kontra neurtuko ditu indarrak domekan Mojategin (11:00) eta Bergarako neskek, berriz, Deban jokatuko dute domeka arratsaldean. Maila bat beherago lehiatuko dira Leintz Aloñakoak, Gorengoen mailan, eta horiek ere kanpoan jokatuko dute lehenengo partidua, Ordizian, zapatuan (15:30).