Denboraldi historikoa Maila Nazionalean

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 17a, 12:00

Mondratek Kukuyaga hartuko du bihar; argazkian, iaz, Zabalganaren kontra.

Eskoriatzak eta Mondratek Maila Nazionaleko Hirugarren Mailan jokatuko dute aurten. Kategoria hori eskoriatzarrendako ez da berria; Mondratekoendako, bai. Lehenengoz izango dira halako maila batean Debagoieneko bi talde.

Areto futbolean denboraldi historikoa izango da aurtengoa, maila nazionalean lehiatuko dira-eta Debagoieneko bi talde, Mondrate eta Eskoriatza. Eskoriatzako entrenatzaile Mikel Alkaideren mutilendako hirugarren denboraldia izango da kategoria horretan, eta Julen Otxandianoren Mondratek debuta egingo du Hirugarren Mailan, maiatzean igo ziren eta. Hala, bihar, kantxa gehienetan ordu berean (17:30) hasiko da baloia batera eta bestera, eta Mondratek Musakolan jokatuko du lehena, Kukuyaga Etxebarriren kontra. Eskoriatzak, berriz, Bilbon estreinatuko du liga, Gora taldearen kontra.

Maila nazionaleko bi talde horiendako aldaketa handiak izango dira aurten. Jokalariei dagokienez, arrasatearren artean ez da iraultzarik gertatu. "Jokalari hauek lortu zuten iaz mailaz igotzea, eta, hain zuzen ere, eurak dira jokatzea merezi dutenak; hortaz, ez dugu aldaketa handirik aurreikusi", adierazi zuen joan den astean Otxandianok, baina bistan dago mailari dagokionez Euskadiko txapelketatik maila nazionalera saltoa izango dutela.

Eskoriatzan, gazteen alde

Eskoriatzarrak, berriz, taldeen mailak ez ditu ezustean harrapatuko. Dagoeneko maila nazionalean jokatzera ohituta daude, eta bi urte hauetan mailari eusteko kapaz izan dira estutasun handirik pasa gabe. Iaz, esaterako, oso urte polita egin zuten. Orain, hainbat beteranok taldea utzi dute, eta gazteen aldeko apustua egin dute, Alkaidek GOIENA denboraldiaurrean aipatu moduan: "Iazko bide beretik jarraitu nahiko genuke. Hirugarren Mailari eustea da, hasiera batean, planteatu duguna, baina urtea aurrera joan ahala joango gara erronka berriak ezartzen. Jakinaren gainean gaude gurea talde berria eta gaztea dela, eta, jokalari beteranoen falta igarriko den arren, gertu gaude. Beraz, apurka-apurka joan beharko dugu pausoak ematen". Hasteko, badakite denboraldi luzea izango dela, hamazortzi taldeko multzoa osatu dute, eta, Otxandianok nabarmendu moduan, hau iraupen luzeko proba izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak