Guztira 590.000 euro bideratuko ditu Aldundiak Etorkizuna Eraikiz egitasmora; hots, aurten hautatu dituzten hamazazpi proiektuetara. Lankidetzazko gobernantza, garapen komunitarioa, gazteen partaidetza eta belaunaldi arteko lankidetza dira proiektuen ardatzak, eta askotariko eragileekin eta esperimentazioan oinarritutakoak dira.
Bailarako hiru proiektuei dagokienez, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak parte-hartze kulturan eta garapen komunitarioan sakonduko du, hala, eskola eta herria "denontzako izan daitezen". Olaso Dorrea Fundazioaren ekimena, berriz, klimari buruzko herritarren batzarra egitea izango da, eta Bergarako Udalarena Herri Proiektua eta eraldaketa soziala lantzeko egitasmoa abiatzea.
Aurtengo edizioa kontuan hartuta, dagoeneko 125 egitasmo esperimental sustatu ditu Aldundiak, eta Markel Olano diputatu nagusiak azaldu du ekimena ezinbestekoa izaten ari dela "etorkizuneko Gipuzkoa" eraikitzeko. "Epe ertainera begira, ziur nago egitasmo hauek bere ekarpena egingo diotela gure gizartearen kohesioari", esan du.