Lehenengo zatian ez da aukera garbi-garbirik izan, baina Aloña izan da apur bat gehiago. Aretxabaletak ere izan du aukera apurren bat, baina golik gabe iritsi da partidua atsedenaldira.
Bigarren zatian, hirugarren minutuan, atzealdean huts egin dute oñatiarrek, eta hori ondo aprobetxatu du Markel Zubik, kanpoko taldea aurretik jartzeko. Bigarren golean, ezker hegalean hasitako jokaldia bikain borobildu du eskuinekoan Maguk, 78. minutuan.
Saiatu dira gorritxoak aldeak murrizten eta 1 eta 2koa Josu Juaristik egin du, penaltiz, 88. minutuan. Baina hortxe geratu da etxekoen ahalegina, eta ligan jokoan jarritako lehen hiru puntuak Aretxabaletara joan dira.
UDAkoen entrenatzaile Unai Calzon "oso pozik" zegoen, neurketa amaieran, taldeak egindako lanarekin: "Beti da garrantzitsua garaipen batekin hastea. Badakigu Oñatikoa oso zelai zaila dela, partiduak oso parekatuak izaten direla, eta hala izan da gaurkoa ere. Zaleak ikustearekin eta benetako futbolaren itzulerarekin ere oso pozik. Lehenengo zatian inork ez zuen galtzea nahi, lehenengo partiduko beldur horiek ikusi dira. Ez da joko askorik egon. Bigarrenean jokaldi polit batzuk egin ditugu".
Aloñako entrenatzaile Endika Ruiz ere, emaitzaz harago, gustura agertu da bere taldeak egindako lanarekin, baita futbola Azkoagainera itzuli izanarekin ere: "Ilusio handia genuen, luze joan da lehiatu ez garen garai hau. Motibazioa eta gogoa topera genituen; emaitza falta izan da borobila izateko. Baina pozik nago egin dugun lehen zatiarekin; orokorrean, taldeak erakutsi duen jarrerarekin ere bai".
Bergara eta Mondra
Debagoieneko Ohorezko Erregional mailako gainerako taldeei dagokienez, hutsean berdindu dute bai Bergarak eta bai Mondrak; aurrenekoak etxean, Allerruren kontra, eta Mondrak, Elgoibarren zelaian.