2018an Danobatgroup-ek abiatutako lankidetza proiektua da Elkarrekin Eragin. Aurten, 600.000 euro bideratuko dituzte horra, eta hiru elkarteren proiektuak finantzatzeko erabiliko dute dirua. Andres Mazkiaran lehendakariak azaldu duenez, "garapen sozioekonomikoari ekarpena" egin nahi diote: "Diferentzia markatzen duten proiektuekin elkarlanean jardungo dugu, erakundeko pertsonen gogoberotasuna eta parte hartzea erantsita".
Aurreratu bezala, gizarteratzea sustatzea, gaitz neurodegeneratiboetarako terapia berriak ikertzea eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonentzako eta senideentzako azpiegitura berriak sortzea dira aurtengo zutabeak. Hala, Bizipoza erakundearen bi proiektu finantzatuko ditu, Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartearen beharretara egokituko da, eta gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako terapia berrien garapenean aurrera egiteko, WOP erakundearen entsegu kliniko bat finantzatuko du.