Pandemiak suizidio kasuak areagotu dituela ohartarazi dute gaurko egunez

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 10a, 09:56

Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Eguna da gaur, irailak 10. Eustaten datuen arabera, 2020an 184 pertsonak egin zuten bere buruaz beste Euskal Autonomia Erkidegoan. Beste modu batera esanda, ia bi egunetik behin erregistratu zen suizidio kasu bat.

Eustatek datu ofizialik eman ez duen arren, dagoeneko adituek ohartarazi dute pandemiaren eraginez suizidio-tasak gora egin duela 2021ean. EAEko datuen faltan, Kataluniara joz gero, bertan ikertu denaren arabera, itxialdiaren ostean, %27 egin zuten gora suizidioek.

Mundu mailako datuak aztertuz gero, urtean 700.000 suizidio baino gehiago izaten dira; hots, heriotza bat berrogei segunduro.

Gurera bueltatuta, Jaurlaritzako adierazpen instituzionalean jakinarazi dutenez, azken hamar urteetan, EAEn, 1.500 pertsona baino gehiago hil dira suizidatuta; urtean 169 lagun, batez beste. "Suizidioen kopurua trafiko-istripuetako heriotzen ia bikoitza da, eta heriotza-kausa nagusia da", diote oharrean. Horrez gain, azaldu dute Osakidetzako osasun mentaleko sareak 640.000 kontsulta baino gehiago artatu dituela pandemian sasoian.

Adin-tarteei erreparatuta, argi geratzen da suizidioa ez dela populazioaren zati jakin bati eragiten dion kontua; 19 urtetik beherako bi lagunek eta 90etik gorako seik ere haien buruaz beste egin zuten iaz, erkidegoan.

Adituak eta agintariak bat datoz: suizidioa prebenitzea eta horri aurre egitea gizarte osoaren ardura da.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak