Liga 'suabe' hasteko, derbia

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 10a, 14:00

Badira bost urte Aloñak eta UDAk elkarren kontra jokatu ez dutela.

Asteburuan hasiko dute Mondrak, Bergarak, Aloña Mendik eta Aretxabaletak denboraldia; edukiera mugatuarekin, baina zaleak egongo dira harmailetan. UDAkoek urtebetez futbolean jokatu ez duten jokalari oñatiarrak izango dituzte aurrean.

Denboraldiaurrean normaltasunarekin jardun eta gero –iaz, COVID-19 kasuak tarteko Aloña Mendiko eta Mondrako jokalariek konfinatuta egon behar izan zuten–, asteburuan hasiko dute liga. Hain zuzen, iaz, denboraldia hasi gabe zegoenean, Oñatikoak jada jabetu ziren urte gogorra izan behar zutela aurretik, eta gurago izan zuten ez lehiatu. Ez zen erabaki erraza, eta urtebetez futbolean jokatu barik egon dira: "Gogo handiz gaude. Egia da urtebete egin dugula berdeguneetatik urrun, baina nik uste dut mentalki besteak baino freskoago gaudela, pandemia urte honetan futbolak ez gaitu baldintzatu, eta gainontzeko taldeendako denboraldi zaila izan da. Eta freskotasun hori baliatu behar dugu", adierazi dio GOIENAri Gaizka Irizar kapitainak.

Aloña Mendi-UDA etzi

Urteak dira Aloña Mendik eta UDAk elkarren kontra jokatu ez dutela; bost, zorrotzak izateko. Eta domekan bien arteko derbiarekin hasiko dute liga (16:30, Azkoagain). Bergarak, berriz, Allerru hartuko du Agorrosinen (zapatua, 16:30), eta Mondrak, azkenik, joan den asteburuan Arrasate Hiria torneoa irabazi berri duen Elgoibarren zelaian jokatuko du (zapatua, 16:30).

Leintz Arizmendikoei zigorra

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Maila irailaren 18ko eta 19ko asteburuan hasiko dute. Eta maila horretan izango dira Leintz Arizmendi eta Bergara. Hain zuzen, duela bi urte kategoriaz igo eta gero, pandemiagatik ligan partidurik ez jokatzeko erabakia hartu zuten Leintzeko neskek –Euskal Ligak aurrera egin zuen– eta Euskadiko Federazioaren partetik zigor proposamen baten berri izan zuten debagoiendarrek. Hala, zigorra gauzatu egin dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak