Antolatzaileentzat, Antxintxika Triatloi Taldearentzat eta bertako kide Ruben Visorentzat egun berezia izan zen atzokoa; estreinaldien eguna. Zumaiako Triatloia egin zuten eta lehen aldiz parte-hartzaile batek, Visok, gurpildun aulkian egin zuen proba. Eta Visorentzat berarentzat eta Antxintxikaren kirol egokituko sailarentzat ere lehen triatloia izan zen; aurretik duatloiren baten parte hartuta zeuden, baina ez triatloian.
"Denbora generaman prestatzen, eta polita izan da parte hartu eta gainera, bukatzea", dio Visok, eta gaineratu hasieran urduri samar zegoen arren, ibilbidea ikustean dena ondo joan zela. Ordu bat bat, 21 minutu eta 46 segundo behar izan zituen proba amaitzeko.
"Denbora ez zen helburua, baina oso lehiakorra naiz eta ahalik eta azkarren egiten saiatu nintzen" azaldu du gasteiztarrak. "Zumaiako Triatloia egitea erronka bat gainditzea izan da", gaineratu du eta hurrengo proba zein izango den ez dakien arren, gehiagotan parte hartzeko nahia azaldu: "Orain, helburua, atzo egindako denbora hobetzea izango da" .
Zumaiako triatloiaren antolatzaileentzat esker oneko hitzak ditu Visok. "Oso ondo portatu dira, oso ondo tratatu gaituzte eta eskertzekoa izan da guk parte hartu ahal izateko egin duten ahalegina".
Visoren mailarekin, "harrituta"
Antxintxika Triatloi Taldeko ordezkari Aitor Rementeriak, bere aldetik, Visok egindako lana goraipatu du: "Bai jendea eta baita gu ere harrituta geratu ginen erakutsi duen mailarekin. Igerian lehen aldia zuen, eta uste baino azkarrago egin du zati hori. Beste zenbait partaidek baino denbora gutxiagoan osatu du proba".