Iazko ezohiko denboraldia atzean utzita, oñatiarrak Erregional Ohorezko Mailan lehiatzeko prest daudela azaldu du Gaizka Zelaia taldeko kapitainak, eta taldea sendo ikusten duela aitortu du. "Anbizioa eduki behar dugu. Helburua da partidu bakoitza lehiatzea eta guri irabaztea zaila izan dadila aurkarientzat. Hori lortzen badugu, sailkapenaren goialdean egongo gara".
Antzuolarren kapitainak, berriz, aitortu du aldaketa asko jasan dituela taldeak, nahiz eta dauden jokalariak "konpromiso handia" erakusten ari diren. Dena den, helburua mailari eustea izango da. "Etxian gogor egoten saiatu behar gara eta kanpoan ahalik eta puntu gehien lortzen".
Oñatiarrek UDAren aurka izango dute ligako lehen partidua, irailaren 12an, 16:30ean, Azkoagainen. Antzuolarrek, bestalde, Beasain izango dute aurkari, Eztalan.
Bestalde, aipatzekoa da azken neurriek ahalbidetzen dutela zaleak harmailetan egotea, nahiz eta gaurkoan ez diren asko izan Azkoagainera gerturatu direnak.