Urte eta erdi geroago, zaleak hasi dira harmailetara itzultzen. Iazko liga txapelketek ez zuten horretarako aukerarik eman – jarraitzaile batzuek aurkitu zuten zirrikituren bat edo beste–, baina oraingo abuztuan, denboraldi-aurreko norgehiagoketan, publikoa bueltatu da harmailetara. Orain arte, %20ko edukiera bete behar izan dute; esaterako, Iturripen joan den astean MUren Euskal Kopako partiduan 60 zalerendako tokia zuten gordeta, baina kopuru hori %30era igo dute astean. Agorrosinen, adibidez, 300 lagunendako tokia izango dute. Hain zuzen, zale bergararrek bertatik bertara jarraitu ahal izan zuten joan den astean Bergara Hirian etxeko taldeak egindakoa –Zumaiakok irabazi zuen torneoa, 2-4–. Eta, hain zuzen, horixe izan zen albiste onena, zaleen itzulera.
Eta beste horrenbeste gertatuko da oraingo asteburuan, esaterako, Mojategin jokatuko duten Arrasate Hiria torneoan eta Azkoagainen Aloña Mendik eta Antzuolak jokatuko duten lagunartekoan. Egia esan, edukiera hauen zenbatekoak garrantzi txikia du, bailarako futbol zelaiek jendea hartzeko gaitasun handia dutelako eta nekez beteko direlako iragarritako muga horiek. Pena da, baina horrela da. Kontrara, kiroldegietako kantxetan gehiago igarriko dira publikoari dagokionez jarraitu beharreko mugak.
Astebete liga hasteko
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila irailaren 12an hasiko dute –emakumezkoak astebete geroago hasiko dira–, baina asteburuan zenbait partidu izango dira Debagoienean. Zapatuan eta domekan UDAk, Bergarak, Elgoibarrek eta Mondrak lauko torneoko formatua izango duen Arrasate Hiria jokatuko dute –partiduak 16:00etan eta 18:00etan–. Eta Oñatin, Aloña Mendik Antzuola hartuko du zapatuan –16:30–.