Emakumeen Laboral Kutxa taldea Ceratizit Challenge by La Vuelta itzulian lehiatuko da datozen egunotan. Lau etapako lasteterketa izango da, ostegunetik igandera, eta WorldTour mailako talde onenak izango dira Ourensen eta A Coruñan. Laboral Kutxako zuzendari Ion Lazkanok sei txirrindulari zuzenduko ditu, eta tartean izango dira Aretxabaletako Ainhize Barrainkua eta Garazi Estevez. Ez dute erronka makala, munduko ziklista onenak izango dituzte ondoan, esaterako, Annemiek van Vleuten (Movistar Women Team), Anna van der Breggen (Team SD Worx) eta Elisa Longo Borghini (Trek Segafredo). Hemen talde guztien zerrenda.
Osteguneko eta larubateko saioak gorabeheratsuak dira; ostiralean, berriz, mendateko erlojupekoa da; eta esprinta espero da domekan Santiago de Compostelan. Guztira, 24 talde arituko dira. Aurreneko hiru etapak ordu bietan bukatuko dira; azkena, berriz, ordu batean. Eurosport eta GCN telebistek zuzenean eskainiko dute lasterketaren azken ordua.
Ibilbidea:
- Osteguna. 1. etapa: Estación Invernal Cabeza de Manzaneda - A Rua, 118,7 km
- Ostirala. 2. etapa: Estación Invernal Cabeza de Manzaneda - Estación Invernal Cabeza de Manzaneda, 7,3 km (Erlojupekoa)
- Larunbata. 3. etapa: Estación Invernal Cabeza de Manzaneda - Pereiro de Aguiar, 107,9 km
- Igandea. 4. etapa: As Pontes - Santiago de Compostela, 107,4 km