Abuztu amaiera ondo zukutu dute Aretxabaletako Ainara Urrutiak eta Oñatiko Ainara Uribarrik, domekan Panticosan egin zuten Valle de Trail lasterketan podiumeko lehenengo koskara igo ziren-eta biak ala biak. Urrutiak 1K lasterketan hartu zuen esku, hori zen probako nobedadeetako bat, mendi lasterketetan murgildu gura dutenendako aproposa den distantziako proba egin gura izan zuten antolatzaileek, eta 10 kilometrorekin, eta 600 metroko lasterketarekin diseinatutako ibilbidea prestatu zuten. Bada, Aretxabaletakoak ez zuen kontrariorik izan (1.11.46) bederatzi minutuko tartea atera zion-eta bigarren sailkatuari.
Uribarrik garaipena eta errekorra
Ainara Uribarri oñatiarrak distantzia luzeagoko proba irabazi zuen (2K). Guztira 330 lasterkari abiatu ziren Panticosatik, eta 20 kilometrotan 1.200 metrotako desnibela gainditu behar izan zuten. Hor, oñatiarrak Faceras (2.288m) mendi tontorrera igotzen egin zuen tartea, eta ondoren, jaisten, diferentzia mantentzeko gauza izan zen (2.16.25). Gainera, Uribarrik lasterketako errekorra ezarri zuen, hiru minututan ondu zuen-eta duela hiru urte Nuria Gilek ezarritako marka.