1936ko irailaren 26an iritsi ziren Debagoienera tropa faxistak; duela 85 urte, alegia. Urteurrenean, Intxorta Kultur Elkarteak bailarako Udalekin, Aldundiarekin eta Gogora institutuarekin batera, ekitaldia egingo du errepresaliatutako pertsona guztiak gogoan izateko. Bertsolariak, dantzariak, musika banda eta abeslariak izango dira bertan, eta azaldu dutenez, errepresaliatua izan zen herri bakoitzeko pertsona batek edo senideek hartuko dute hitza.
Antzuolatik, Ixa Aranguren Lizarraldek hitz egingo du, Esteba Aranguren Mugika gudari, preso eta iheslariaren alabak. Aretxabaletatik, berriz, Olga Etxebarrieta Oteiza gerrako umeak hartuko du parte; bere aita, Jose Maria Etxebarrieta Urbistondo, milizianoa izan zen eta faxistek erail zuten. Aramaioren ordezkoa Jose Maria Velez de Mendizabal Azkarraga, izango da; bere osaba, Jose Maria Azkarraga Mozo, fusilatua izan zen Derioko hilerrian. Arrasatetik, Mari Nati eta Isabel Urionabarrenetxea Zaitegik hartuko dute parte; haien aita, Jose Antonio Urionabarrenetxea Isasmendi, eraila izan zen Oiartzunen. Bergaratik, Luzia Farras Laskurainek hitz egingo du; gerrako umea izan zen, haren aita, Ramon Farraz Eskibel, Gerra Komisarioa –eta preso egondakoa– hil baitzuten. Elgetaren ordezko, Anttoni Telleria Lamarain arituko da; bere ama Francisca Lamarain Aranzabal eta aita Pedro Telleria Askasibar faxistek erail zituzten herrian bertan. Eskoriatzatik Arantza Sasian Etxabek jardungo du, bere amandre Emeteri Aranburuzabala Beitia, faxistek erail baitzuten Oiartzunen. Bukatzeko, Oñatiren izenean, Manttoni Galdos Urbeloak hitz egingo du, aita Antonio Galdos Ugarte faxistek fusilatu baitzuten Ormaiztegin.