Valladolideko Iscar herrian eta Segoviako Valleladon jokatu berri dute Europako 23 urtez azpiko pilota txapelketa –urria amaieran leku berean jokatuko duten Munduko Txapelketako atariko proba izan da– eta bertan lan aparta egin dute Ander Muruak eta Manex Balerdik. Debagoiendarrek uztailean eta abuztuan Espainiako selekzioarekin entrenatzen jardun dute, uda betea izan dute, baina Gaztela Leonen erakutsi dute sasoi onean daudela.
Debagoiendarrek Salamancako Paladin taldea ordezkatu zuten, eta jokatutako bi partiduak irabazi zituzten (10-4 eta 10-8 Unai Mataren eta Javier Cuairanen kontra) eta txapelketa hori irabazi izanak Munduko Txapelketarako txartela ziurtatu ez badie ere, lagungarri izango da, seguru: "Espainiako selekzioaren taldean hamabi pilotari gaude, uztailetik zenbait entrenamendu egin ditugu elkarrekin, eta hautatzaileak irailaren 14an adieraziko digu nortzuk izango diren Munduko Txapelketan. Europakoa irabazi izana pozgarria izan da, hor Espainiako eta Frantziako selekzioak izan gara zein baino zein gehiago, eta hori irabazi izana lagungarria izago da, baina hautatzailearena da azken hitza", adierazi du Muruak.
Hala, urriaren 17tik 23ra jokatuko duten Munduko Txapelketan egoteko ilusioz daude Murua eta Balerdi: "Txapelketa horretan Frantziako eta Espainiako selekzioak egotearekin batera egongo dira Mexikokoak, Kubakoak... Hitzordu polita da eta hor egoteko ilusioa dugu".
Sari banaketako ekitaldia, Iscarreko pilotalekuan. Argazkia: A.M.