Lan-istripuen kopuruak, %18,7 egin du gora; 3.397 langile gehiagok izan dute azken zazpi hilabeteetan lan-istripuren bat, eta 21.520 langile izan dira, guztira, laneko baja hartu behar izan dutenak istripuek eraginda. Lurraldeka, EAEko hiru lurraldeetan izan da gorakada; Araban %23,5 igo da, Bizkaian %19,8 eta Gipuzkoan, aldiz, %16,4.
Datuak erreparatuta, urtarriletik uztailera bitarte, lanaldian izandako istripuak 18.556 izan dira, iaz baino %19,3 gehiago. Lanera bidean edo bertatik bueltatu bitartean geratutako istripuak 2.040 izan dira, %14,7 gehiago, hain zuzen ere.
Lurraldeetan gorakada
Lanaldian gertaturiko ezbeharren larritasuna aztertuta, eta 90 larriak izan dira eta 18.461 arinak. Bestalde, 15 langile hil dira azken zazpi hilabeteetan, hala, 2020ko kopurua errepikatuz. 'In itinere' gertaturiko ezbeharren kasuan, hamar larriak izan dira eta 2027 arinak. Gainera, hiru kasutan langileren bat hil da; 2020an baino bat gehiago. Araban 3.318 ezbehar gertatu dira azken zazpi hilabeteetan, Bizkaian 9.458 eta Gipuzkoan berriz, 5.790.
Sindikatuen deia
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzeo, Donostian Eusko Jaurlaritzari. Lan istripuen gaia "euren agenda politikoaren erdigunean" jartzeko eskatu diete administrazioei: "Ez dira gertakari isolatuak, ekonomia langileen osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen duen ekoizpen ereduaren isla baizik".