Iaz zen jokatzekoa Euskal Herria Kopako neurketa hori, Oñatin, baina koronabirusaren eraginez, bertan behera gelditu behar izan zen txapelketa. "Iaz iritsi zitzaion Euskal Herria Kirola elkartetik proposamena Oñatiko Udalari, eta azken hau Aloña Mendi Kirol elkartearekin harremanetan jarri, eta aukera polita izango zelakoan, proposamena onartu genuen. Hala ere, bertan behera utzi behar izan genuen, koronabirusaren ondorioz", adierazi du futbol saileko kide Jabi Agirrek.
Hori horrela, aurten jokatuko dira hirugarren eta laugarren postuak Azkoagain futbol zelaian. Abuztuaren 28an izango du tokia txapelketak, 18:00etan, eta osasun krisiaren eraginez, 180 laguneko edukiera-muga izango da.
Abuztuaren 22tik aurrera
Bi multzotan banatuta jokatuko dute txapelketa. A multzoan, abuztuaren 22an ekingo diete txapelketari; Reala Alavesen aurka lehiatuko da, eta Athleticek Eibarren aurka neurtuko ditu indarrak. Partidu horietako emaitzen arabera, aste bete beranduago Oñatin erabakiko dira hirugarren eta laugarren postuak. Azkenik, abuztuaren 29an Zarautzen finala jokatuko dute.
B multzoan, bestetik, abuztuaren 14an neurtuko dituzte indarrak Mutilverak eta Oiartzunek, Añorgak eta Isatsak, eta baita San Ignaciok eta Aurrerak ere. Libre geratuko da lehen kanporaketan Bizkerre taldea. Horren ostean, abuztuaren 21ean eta 22an bigarren kanporaketak jokatuko dituzte.