Donostian emango diote bukaera 'Ibilian ibilian, etxerako bidean' dinamikari

Maialen Santos 2021ko abu. 14a, 09:02

Joan den ekaina hasieran Aretxabaletan egin zuten mosaiko erraldoia.

Datorren zapatuan, abuztuak 21, 17:30ean hasita manifestazioa egingo dute Artzai Onatik hasita. Preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea egiteko beharrezkoak diren urratsak eman daitezen aldarrikatzeko, eskualdez eskualde aritu da maiatza ezkero Sare Herritarrak antolatutako ekimena; tartean, Debagoienean ere egin zuen geldialdia. 

"Herriz-herri eta eskualdez eskualde batu garen herritar bakoitza bide honen bultzada izaten ari gara. Eta emandako urrats bakoitzari esker iritsi gara egungo egoerara", diote Sare Herritarratik. Izan ere, uste dute azken ikasturte honetan urrats garrantzitsuak eman direla urruntze politikarekin amaitzen hasi eta euskal presoen gradu progresioari dagokionean: "Salbuespen politikak indarrean jarraitzen duen bitartean ordea, euskal presoen egoera ez da normalizatuko".

Hori dela eta, mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu diete herritarrei: "Euskal preso, deportatu eta iheslarien etxeratze prozesua ahalbidetzeko ezinbestekoa baita gutako bakoitzaren parte hartzea".

Debagoienean ere bai

"Maiatzean hasi eta abuztuaren 21a bitarte, ez da aste bat bera ere igaro mobilizaziorik gabe", ekarri dute gogora. 

Debaldeatik Buruntzaldeara, Goierrira, Tolosaldeara, Urola-kostara eta azkenik Oarso Bidasoara egin du dinamikak. Eta Debagoienean ere egin zuen geldialdia ekaina inguruan. Ekintza ugari egin zituzten: besteak beste, Arrasaten bertso-saioa egin zuten, Oñatin bizikleta martxa eta Aretxabaletan mosaiko erraldoia.

Hala, denbora guzti horretan manifestazioak, mosaiko erraldoiak, bertso-saioak, bizikleta martxak, kale zinema, pala txapelketak, mendi irteerak, musika eta kultur emanaldiak, futbito txapelketak... antolatu dituzte "salbuespen legediarekin amaitu" eta etxerako bidea "egi bihurtzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak