Txapelketari ekiteko bi talde debagoiendarren derbia izango da; Aloña eta UDAren artekoa. Mondra Elgoibarren aurka arituko da aurkariaren zelaian, eta Bergarak, berriz, Allerru hartuko du etxean.
Bigarren jardunaldian ere beste derbi bat izango da; UDA eta Bergararen artekoa, hain justu ere. Kasu horretan, Arrasateko taldeak Amaikak Bat hartuko du etxean, eta Real Unionen kontra arituko da Aloña, etxetik kanpo.
Hirugarren jardunaldian, irailaren 26ko asteburuan, aldiz, Aloñak eta Bergarak neurtuko dituzte indarrak, Azkoagain futbol zelaian. Mutrikun arituko dira arrasatearrak, eta Ordizian, ostera, aretxabaletarrak.
Hamargarren jardunaldian egingo dute topo Mondrak eta Aloñak. Eta abenduaren 12ko asteburuan nor baino nor gehiago arituko dira UDA eta Mondra. Abenduaren 19 inguruan, bestetik, Arrasateko taldeak Bergarakoa hartuko du Mojategin.
Horiek izango dira irailetik eta urte amaierara bitartean talde debagoiendarrek jokatuko dituzten derbiak. Txapelketarako prestatzeko, abuztu erdi inguruan hasiko dituzte entrenamendu saioak etxeko taldeek.
Aloña, estreinakoz
Duela bi urte maila igoera eskuratu zuen Oñatiko taldeak, baina iaz uko egin zion jokatzeari, osasun krisiaren eraginez. Hala, aurten estreinatuko da taldea liga horretan, eta derbia izango dute jokoan lehen partiduan.