Erlantz Garciaren taldeak irabazi du Plazandreak txapelketaren bigarren edizioa, Reyes Azkoitiaren taldea 3-0 gaindituta. Azken horren gidaritzapean jardun du txapelketan Arrate Bergara bergararrak, eta azpitxapeldun izan zen hura.
Finalari hasiera emateko, Azkoitiak Mirian Arraizaren aldeko apustua egin zuen, eta Garciak Amaia Aldai aukeratu zuen finalari ekiteko. Aldaik irabazi zuen neurketa hura (6-12), sakeetan egindako lan txukunari esker.
Bigarren partidan Oses oñatiarra izan zuen lagun Aldaik, eta 5-12 irabazi zieten Larrarte-Bergara bikote gipuzkoarrari. Erlantz Garciaren neskak uneoro markagailuan aurretik joan ziren, nahiz eta Reyes Azkoitiaren pilotariek partidaren lehen zatian eutsi egin zioten lehiari; 4-5era arte, hain zuzen ere. Une hartatik aurrera, partidarako ez ezik, txapelketarako erabakigarria izan zen aldea hartu zuten 6-0 eko partzial batekin.
Kaiolako azken partidan Miren Larrarte eta Leire Garai gasteiztarra lehiatu ziren (6-12) eta azken horrek irabazi zuen partida, bere taldearen garaipen eztabaidaezina biribilduz.
"Nire lorpen handietakoa da"
Txapelketa irabazi berritan Uxue Oses oñatiarrak GOIENAri aitortu dio orain arte egin duen lorpen handietakoa izan dela Plazandreak txapelketa irabaztea, eta "oso pozik" aritu dela txapelketa osoan zehar. Finalari buruz esan du "urduritasun handiz" bizi izan zuela, eta horrek eraginda ez zuela behar beste gozatu, nahiz eta ezin gusturago amaitu zuen azkenerako.
245 lagun batu ziren pilotalekuan finala ikusteko. "Hilabeteak daramatzagu publiko barik jokatzen, eta senide eta lagunak izan ziren atzo harmailetan. Gertu sentitu genituen, eta haien babesa eskertu gura dut", esan du Osesek.
Gogoratu behar da Madalen Etxegarai pilotari oñatiarrak ere hartu duela parte Plazandreak txapelketan, nahiz eta joan den astelehenean geratu zen lehiaketatik kanpo.