TicketBAIren borondatezko epea luzatu du Aldundiak

Uxue Igarza Loiola 2021eko uztailaren 30a

Derrigortasunerako jauzia era mailakatuan egingo da, zergadunen jarduera enpresarial, profesional edo artistikoaren araberakoa. Hala, nahitaezko epea maiatzaren 1ean hasten duenak borondatezko aldiari eutsi ahal izango dio apirilaren 1era arte.

Diputatuen Kontseiluak Foru dekretu-Arau berria onartu du eta TicketBAIren borondatezko epea luzatu du, nahitaezkoa bihurtu baino hilabete lehenagora arte. Modu horretan, borondatezko epean sartzea erabakitzen duten zergadunek kenkari indartua aplikatu ahal izango dute; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan nahiz Sozietateen gaineko Zergan egindako gastuaren %60 hobaria jasoko dute, 5.000 euroko mugarekin.

Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuaren arabera, borondatezko epea luzatuta, zergadunen arteko "tratamendu-diferentzia orekatzea" lortuko da. Bestetik, gogorarazi du TicketBai aukera egokia dela "iruzurraren aurkako borrokan": Iruzur egiten duenaren lehia desleiala ezabatuko du, eta aldi berean, zerga-administrazioak zergadunari eskaintzen dion zerbitzua hobetuko dugu, zerga-betebeharrak azkar eta eraginkortasunez betetzea erraztuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak