Badator Donostiako Klasikoa. Zapatukoa etxeko taldeendako urteko hitzordu handietako bat izango da. Gizonezkoetan Euskaltel Euskadi UCI Pro Tourreko oilarrekin lehiatzen saiatuko da –Mikel Aristi eta Julen Irizar ez dira lasterketan egongo– eta emakumezkoetan beste horrenbeste egingo dute Laboral Kutxako neskek. Hala, Ion Lazkano entrenatzaileak hitzordurako aukeratu dituenen artean daude Ainhize Barrainkua eta Garazi Estevez aretxabaletarrak. "Guretako opari handi bat da halako lasterketa batean parte-hartzea. Txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izango dugu, eta halako lasterketetan beti dago zer ikasia. Horixe izango da gure helburua, gure txirrindularien formazio prozesuan beste urrats bat ematea", adierazi du Lazkanok.
Irizarrek eta Aristik beste hitzordu batzuk dituzte
Esan moduan, Euskalteleko ziklista bergararrak ez dira Donostian egongo, beste hitzordu batzuk dituzte-eta, Getxoko zirkuituan eta Gaztela Leonen, hurrenez hurren. Hala, Espainiako Vuelta begiz jota dutela, taldea hirutan zatitu du Azanza zuzendariak. Antonio Angulo, Julen Irizar, Iker Ballarín, Gari Bravo, Mikel Alonso, Txomin Juaristi eta Unai Cuadrado Gaztela eta Leonen ariko dira uztailaren 29an. Leonen hasi (13:30) eta Ponferradan amaituko den (18:30) lasterketarako gizon azkarren aldeko hautua egin du prestatzaile nafarrak.
Bigarren blokeak Donostiako Klasikoan parte-hartuko du. Luis Angel Mate, Mikel Bizkarra, Mikel Iturria, Joan Bou, Gotzon Martin, Ibai Azurmendi eta Xabier Mikel Azparren dira World Tour mailako lasterketan ariko direnak. Horietako asko Espainiako Itzulian ariko dira, eta Donostiako Klasikoan nolako pedal-kolpearekin dauden ikusteko froga ona izango da.
Asteko azken lasterketa Getxokoa izango da, Getxoko Zirkuitua. Antonio Angulo, Julen Irizar, Mikel Aristi, Juanjo Lobato, Txomin Juaristi, Antonio Soto eta Peio Goikoetxea dira aukeratuak, eta Gaztela eta Leonen bezala, txirrindulari azkarren aldeko apustua egin du Azanzak. Lasterketa abuztuaren 1ean jokatuko dute eta txirrindulariek 193 kilometro bete beharko dituzte.
Aristi –argazkian– eta Irizar Getxon izango dira batera. Argazkia: Fundacion Euskadi.