Moñux eta Erostarbe musikarien hirugarren urtea da aurtengoa EGOn; biolin jotzailea da bergararra eta biolontxeloa jotzen du arrasatearrak. Aurten, Mozart eta Brahmsen obrak eskainiko dituzte, Euskal Herriko musikari gazteen selekzioarekin.
Besteak beste, Musika Hamabostaldian, Otoño Soriano Jaialdian (irailak 19) eta Musikasten (urriak 23) eskainiko dituzte kontzertuak. Gainera, azpimarratzekoa da Moñux EGOko kontzertino izango dela.
Bi debagoiendarrak, maila gorenetan
Miriam Moñux bergararrak akademista plaza lortu berri du Alemaniako Gottingeneko Orkestra Sinfonikoan, datorren ikasturterako; hala, urtebetez jardungo du Alemaniako orkestra profesionalean. Irati Erostarbe, berriz, Ganten (Belgika) dago, Judith Ermert irakaslearekin ikasten eta ganbera musikako hainbat taldetan jotzen.
Erostarberentzat interesgarria da EGOn parte hartzea: "Mundu osoko irakasleekin lan egiten dugu, eta errepertorio interesgarria lantzen dugu, estilo ezberdinetakoa (…). Konpositore bakoitzaren estiloa ulertu eta barneratzen dugu, eta gure bakarkako errepertoriorako asko laguntzen digu horrek".