Lokatza Ziklismo Eskolaren eskutik eta Bergarako Udalaren, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren eta Euskal Herriko Txirrindularitza Federazioaren eskutik, San Martzialerako erlojupeko igoera izango da gaur, hilak 23, 18:30ean. Kadete, junior, 23 urteko azpiko eta elite mailako emakumezko ziklistak batuko ditu Oxirondoko azokaren ondoan, San Martzialerako errepidearen hasieran.
Aldapa oso gogorrak
Bergarak hiri-gutuna jaso zuela 750 urte bete zirela gogoratzeko ekimenen barruan jaio zen proba –hortik Bergara Hiria izena izatearena– eta urtez urte hazten doa, gero eta maila handiagoa duten txirrindulariak elkartzen dira eta. Zalantza barik, erlojupeko proba honetatik nabarmendu beharrekoa bere gogortasuna da, ziklistek hasi eta berehala sekulako aldapei egin behar dietelako aurre; horregatik, funtsezkoa da ziklistendako proba hasi aurretik arrabolean egin beharreko lanak ondo baino hobeto neurtzea.