Datozen egunetarako antzerki proposamenak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko uzt. 23a, 09:10

Seber Altube plazan gaur emanaldia egingo duen Gag Street Boys bikotea. Argazkia: David Gutierrez.

Gag Street Boys, Trapu Zaharra, Barsanti eta Malas Compañias antzerki taldeen emanaldiak izango dira Debagoienean, uztaileko kultura eskaintza borobiltzeko; abuztuan, berriz, Bergaran izango dira Trakamatraka eta Zirkugintza taldeak.

Aretoetako programazioari lekukoa hartuta, kale-antzerkiak dira nagusi uda sasoian; Debagoienean ere askotariko aukerak izan dira antzerkiarekin gozatzeko, eta asteburuan ere gehiago izango dira, esaterako, Arrasaten eta Bergaran.

Emanaldi guztietarako sarrerak doan dira, baina edukiera mugatua dute; Arrasateko emanaldietarako Arrasate.eus atarian eskura daitezke gonbidapenak eta Bergarako emanaldirako, berriz, ez dituzte aurrez banatuko, ikusleak heldu ahala sartuko dira eserlekuak bete arte.

Antzezlan "ganberroa"

Gasteizko Gag Street Boys bikoteak Yes we art publiko guztientzako hitz bako lana eskainiko du gaur, egubakoitza, Seber Altube plazan, 19:00etan hasita. "Aspaldiko lagunak eta komikoak gara Iñigo Salinero eta biak, eta elkarrekin egiten dugun estreinako lana da hori. Gure helburu nagusia ikusleek ondo pasatzea da; hortaz, gaur Arrasaten eskainiko dugun lana ganberrada hutsa da, baina, era berean, kutsu soziala ere eman diogu istorioari, batzuei komeni ez zaien kontuak edo gaiak adierazteagatik kulturgileek sufritzen dugun zentsurari eta bestelako zigorrei buruz hausnartzera bultzatzeko asmoz. Antzezlan panfletarioa baino gehiago, komikoa izatea nahi genuen", azaldu du David Gutierrezek.

50 minutuko iraupena duen istorioaren bidez, kultura existitzen ez den mundu batera eramango ditu bikoteak ikusleak. Artisfyer izeneko tramankulu bat izango dugu eszenografia moduan, eta makina horretan sartuta artista bihurtuko gara; eta guztion artean zentsurari aurre egitea lortuko dugu".

Trapu Zaharra taldearen 'Mesede bat egitearren' antzezlanaren une baten Asier Sota aktorea.

Bergaran, Trapu Zaharra taldea

30 urteko eskarmentua duen taldeak bere azkeneko antzezlana, Mesede bat egitearren izenekoa, eskainiko du Bergarako Errotalde parkean, domekan, 19:00etan. Gaztelerazko bertsioan egin zuten Aretxabaletan ekainean, eta euskarazkoa egingo dute domekan.

Umorezkoa da Trapu Zaharra taldearen proposamena ere, baina, gaiari begiratuta, publiko helduarentzako aproposagoa dela dio Santi Ugalde taldekideak. "Hauteskunde batzuetara aurkeztu behar den hautagai batek beldur eszeniko agerraldi bat jasan du eta desagertu egin da. Alderdiak inkestak aldeko ditu eta ez du atzera egin nahi; beraz, hautagaiaren anaia bikiarekin –ile-apaintzailea da hura –harremanetan jarriko dira eta anaia politikaria agertu bitartean hautagai paperean hura jartzea erabakitzen dute. Hortik abiatuta, politikari batena baino gehiago, alderdi bateko militanteek hauteskundeak salbatzeko egiten dituztenak kontatzen dugu. Eszenografia sinplea da, mitin baten agertokia, eta aktoreak, ile-apaintzailea Asier Sota eta alderdikidea Lierni Fresnedo.

Uda lanpetua dute Trapu Zaharra taldekoek, euren ibilbideko uztail lanpetuena, dio Ugaldek: "Uztail betea izan dugu eta abuz- tuko eskaerak ere gero eta gehiago dira. Bat-batean, toki askotatik deika hasi dira. Eta esan behar dut sekula ez garela hain ondo tratatuak sentitu. Badakit birusarengatik dela, baina tokien bilaketa eta bestelako neurri asko oso ondo eta mimoz zaindu dira".

Barsantiren 'Legea gu gara'

Udazabal egitaraua borobiltzeko, Barsanti taldekoak gonbidatu dituzte; uztailaren 30ean, egubakoitza, Seber Altube plazan izango dira. Orain dela bi urte eskaini zuten Kalegorrian lanaren bidetik, Legea gu gara izenekoa egingo dute. Sergio eta Erramun dira protagonistak – istiluen kontrako brigadako bi kide –, eta "plaza husteko gogoz" iritsiko direla kontatu dute.

Aretxabaletan uztaileko eguazten guztietan dago antzerki emanaldia; Malas Compañias-en Prozak lanarekin borobilduko dute egitaraua.

Xabier Zeberio musikaria eta Amaia Elizaran dantzaria, OUT ikuskizuna eskaintzen. Argazkia: Etanowski.

Etzi, dantza garaikidea Arrasaten

Urtero moduan dantza garaikideari tokia eginda, hiru konpainia gonbidatu dituzte domekan Zaldibar frontoian 19:00etan izango den emanaldirako.

Amaia Elizaran dantza konpainia orain dela bi urte izan zen Udazabalen. Hala, ura ardatz, Xabier Zeberioren zuzeneko musika duen OUT ikuskizuna egingo du.

Gorpuztu laburra izenekoa eskainiko du Eva Guerrero konpainiako Garazi Lopez de Armentia dantzariak. Orekaren bilaketari buruzkoa da aurtengo Dferia jaialdian saritutako lana.

Azkenik, abortu delitua egotzita El Salvadorren espetxeratu dituzten emakumeak omentzen dituen Emakumeak saioa egingo du Node taldeak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak