Pandemiaren gainetik, 10.865 milioi euroko salmentak izan ditu Mondragon taldeak 2020an

Maialen Santos 2021ko uzt. 21a, 15:57
Gaur goizean Donostiako Kursaalen egindako kongresua. (Argazkia: Kursaal Donostia)

Mondragon Korporazioaren 2021eko Kongresua egin dute gaur, eta taldea osatzen duten kooperatiba ezberdinetako 650 konpromisario izan dira bertan. Taldeak "positibotzat" jo ditu 2020ko emaitzak, eta kooperatibek pandemia "nota onarekin" gainditu dutela adierazi dute.

Korporazioko kooperatibek 10.865 milioi euro lortu dituzte 2020ko salmentetan; baina uzkurdura %6,4koa izan da aurreko urtekoarekin alderatuta. Halere, Korporazioko lehendakari Iñigo Ucinek nabarmendu du taldearen bilakaera "positiboa" izan dela, kontuan hartuta testuingurua "zaila" izan dela.

Enpleguari dagokionez, 2020aren amaieran 82.156 langile zeuden orotara kooperatibetan –aurreko ekitaldian baino %1,3 gutxiago–, baina nabarmendu duten beste datu bat inbertsioena izan da: 335 milioi euroko inbertitu zituzten aurreko urtean. Bestalde, ebitdak %5,7ko gorakada izan du, eta 1.324 milioi eurora iritsi da: "Kopuru horiek berresten dute kooperatiba gehienak gai izan direla COVID-19aren krisiari notarekin eta gainditzeko moduko inpaktuarekin aurre egiteko, inguruabarrak kontuan hartuta eta egoera txarrak gainditzeko gaitasuna dutela frogatuta".

Aurreikuspen onak, datozen hilabeteetarako

Industria arloari dagokionez, 37.532 langile egon ziren 2020an eta 5.271 milioiko fakturazio gehituarekin (-%3,1) eta 227 milioiko emaitzekin (-%20) bukatu zuten urtea. Gaineratu dute arlo horrek bilakaera positiboa izan duela aurtengo lehen bost hilabeteetan: "Salmenten gorakada handia izan da, eta COVID-19aren aurreko etapatik oso gertu daude emaitzak. Enpleguaren susperraldia ere nabarmena izan da, batez ere Automobilgintzaren, Osagaiaren, Eraikuntzaren eta Ekipamendua dibisioen bilakaerak bultzatuta".

Banaketaren arloan, berriz,5.594 milioiko salmentak izan zituzten (aurreko ekitaldian baino %0,9 gehiago), eta ekitaldia ixtean 40.948 langile zeuden (%0,6ko igoera).

Azkenik, finantzei dagokienez, pandemiaren ondorio negatiboak aurreratzeko 65,7 milioi euroko hornidura egin ondoren, 87,4 milioi euroko irabazi garbi kontsolidatuarekin itxi zen 2020a.

"Taldeak 2021eko lehen bost hilabeteetan izandako portaera ikusita, aurreratu liteke ekitaldi honetan susperraldi nabarmena izango dugula", aitortu dute bilkuran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak