Hasiera goraberatsua izan du Dorletako Ama txirrindulari lasterketaren 43. aldiak. Izan ere, Gatzagainetik Marulandara bitartean eroriko bat izan da, eta, Arrasateko Eroskira iritsi aurretik lasterketa geratu behar izan dute ibilgailuren bat edo beste lasterketan sartu direlako. Berehala, lasterketari berriz ekin, eta dena joan dela bikain adierazi du Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteko Jon Sasiainek: "Hasierakoa kenduta, jendea gustura aritu da, eguraldia bikaina izan dugu, eta lasterketa ederra izan da; ibilbidea ikusi besterik ez dago horretarako. 160 txirrindularik hartu dute parte, eta antolakuntzakoak pozik geratu gara egindakoarekin".
Aurreko edizioekin alderatuz, COVID-19arengatik zenbait arau daude ezarrita eta horiek betetzeko aldaketak egin behar izan dituzte. Nabarmenena, Gatzagainen hasi eta bukatu dela da, eta mendatea hirutan igo behar izan dutela, besteak beste. Txirrindulariei beste edizio batzuetan baino gogorragoa egin zaien arren, asko disfrutatu dute lasterketarekin.
Saridunak
Azkarrena, Ailetz Lasa izan da (2:31:37). Bigarrena, berriz, Xabier Isasa (m.t) eta hirugarrena, Unai Iribar (20 segundutara). Iker Mintegik Rafle saria jaso du –Gatzagako herrigunetik pasatzen lehenengoa–, Angel Coterillo Eskoriatzako herrigunetik pasatzen lehenena izan da, Tomas Miralles Aretxabaletako herrigunetik pasatzen lehenengoa, eta Jakub Pileck Aramaioko herrigunetik pasatzen lehenengoa. Taldeka onenak, Laboral Kutxakoak izan dira.
Esker mezua laguntzaileei
"Jesus Arroyabe Matxain-en omenez eta Igor Fernandez de Arroyaberen omenez keinua egin diegu lasterketa honetan, eta eskerrak ere eman nahi dizkiet laguntzen aritu diren guztiei. Motorrekin datozenei, bidurgurutzeak zaintzen aritu direnei, eta aurten beste hainbaten artean babesle moduan lagundu digun OREKA-ri".