Bidania-Goiatzen hasiko dira bigarren txandakoak egubakoitzean, eta hilaren 25ean bukatuko dute espedizioa, Aulestin. Denbora horretan, baina, gazteek Arantzazu bisitatzeko aukera ere izango dute.
Antolatzaileen hitzetan, egingo dituzten ekintzek beti izango dute "euskara ardatz", eta horri lotuta, EuskarAbenturaren dinamikak hainbat helburu dituela azaldu dute; hala nola, gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.
"Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi dugu", diote antolatzaileek. Bestetik, parekidetasuna, bizikidetza edota jasangarritasuna bezalako balioak indartu nahi dituzte.