Larunbatean Antzuolan, jairik ez, baina egitarau berezia antolatu da hala ere. Bergarakoa Musika Banda izango da egitarauaren parte eta jende pilaketak saihestekotan, 11:00etan hasiko dute zapatu honetan geldialdidun kalejira. Herriko kaleetan zehar joko dute, goian hasi eta beheraino iritsiz; tarteka piezaren bat edo beste jotzeko geldialdiak egingo dituzte.
Duela urte asko jotzen duten pieza eskainiko dute kalejiran zehar, St. Die martxa. Hala ere, geldiuneetan, bi pieza ezberdin tartekatuko ditu Bandak: Alfredo Glz. Chirlaque-k, Mairuaren alardeko hainbat doinu moldatuz, 2005ean sortutako Antzuolako doinuak, eta pandemia garaian esanahi berezia hartu duen Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori.
Igandean, Bergaran
Nahiz eta jairik ez egon, ohituraz, Santa Marinako jaien barnean izaten den kontzertua eskeiniko du Bandak frontoian, igandean, uztailak 18, 12:30etan. Sarrera doan izango da eta frontoian bertan hartu ahal izango dira edukiera bete arte (400 pertsona gutxi gora behera). Kalejira ere eskainiko dute 11:30etan.
- Puenteareas - Pasodoble galiziarra - Reveriano Soutullo
- Vizcaytik-Bizkaira - Obertura - Resurrección Mª Azkue
- When I walk alone - Tronboi bakarlariarentzat balada - Jan Hadermann
- Dakota - Indiar bozetoak - Jacob de Haan
- Antzuolako doinuak - Martxa - Alfredo Glz Chirlaque
Egoerara egokituz
Covid-19 egoera dela eta, ohiko baino errepertorio errezagoa muntatu beharrean aurkitu dira aurten Bandako partaideak. Batetik, oraindik bandako kide asko ez direlako martxan hasi, osasun ardurarengatik. Eta bestetik, entseatzeko dituzten baldintzak ez direlako aproposenak; bi talde ezberdinetan entseatzen ari dira segurtasun neurriak bete ahal izateko.
Hala ere, estilo ezberdinetako piezak batzen dituen kontzertu "atsegin" bat eskaintzen saiatuko direla eman dute jakitera.