Uztaileko klasikoen moda ez da pasatzen

Hasier Larrea 2021ko uzt. 9a, 12:00

2018ko Antzuola saria.

Iñaki Lete gogoan, Peña Aiastui elkarteak 75. aldiz antolatuko du afizionatuen mailako Antzuola saria. Lasterketa domekan, 09:30ean, abiatuko da, Herriko Plazatik; bihar arratsaldean, juniorrak Arantzazuko 51. igoeran lehiatuko dira.

2019ko aldirako diseinatutako ibilbidea errepikatuko dute aurten, iazko etenaren ostean, Antzuola sarian parte hartuko duten 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariek. 119 kilometroan bi aldiz igoko dute Deskargako mendatea, eta behin Asentziokoa. Tartean, Urretxu, Oñati, Udana, Bergara, Angiozar eta Arrasatetik pasako dira lasterkariak.

Horien artean egongo dira Eulen taldeko Asier eta Andoni Azkarate arrasatearrak eta Unai Cueva oñatiarra. Inguruko probetan ez ezik, Frantzia aldean ere aritu dira azkenaldian lehiatzen. Iaz ez bezala, aurtengo udan "lasterketetan zentratuta" ibiltzeko modukoa izango dela aurreikusten du Andoni Azkaratek, "proba politak" baitituzte aurretik Euskal Herriko txirrindulari afizionatuek.

Peña Aiastuikoek 100 lasterkaritik gora espero dituzte Lehendakari probako lehia puntuagarrian. Egunean bertan 30-40 boluntario ibiliko dira lanean: "Uzarragako igoera bezala, domekakoa ere ondo irteteko".

Beste 50 urte betetzera

Gazte mailako Arantzazuko igoerak mende erdia bete zuen duela bi urte, eta, iaz ezin izan zutenez antolatu, 51. edizioa izango da aurtengoa.

Aloña Mendi Kirol Elkarteko txirrindularitza sailak urtean zehar antolatzen dituen sei hitzorduetako bat da bihar 16:30ean Urrintxo jatetxean hasiko dena: "Eskolarteko, kadeteetako, afizionatuetako eta ziklo-kroseko proba bana egiten dugu, eta gazteen mailako bi", aipatu du Xabi Murgiondo antolatzaileak. Ziklista gipuzkoarrez osatuta egongo da, batez ere, tropela, eta Bergarako zein Oñatiko ordezkaritza bermatuta egongo da: "Bailarako zortzi lehiakide inguru joango dira; maila ona ematen ari dira, orokorrean, baina azpimarratzekoa da Aimar Erostarbe eta Danel Casais egiten ari diren denboraldia".

69 kilometroko probako azken zatian igoko dira Arantzazu auzora txirrindulariak, eta aurretik Arregiko maldan izango dute ze puntutan dauden jakiteko aukera, Bergaratik eta Arrasatetik pasa ostean.

Aloña Mendikoek 25 gradu inguruko tenperatura aurreikusten dute biharko: "Lasterketa jokatzeko perfektua".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak