Aste oso batez egoitza batean intentsiboki elkarlanean jardun ondoren, Euskadiko Ikasleen Orkestra txikiko partaideak izan ziren lehenak prestakuntza horren ondorengo kontzertuak eskaintzen. Pasa den ekainaren 25, 26 eta 27an eskaini zituzten emanaldiak Bilboko, Gasteizko eta Donostiako kontserbatorioetan.
Euskadiko Ikasleen Orkestra txikiko partaideen artean, Bergarako hiru biolinista izan ziren musika-jole lanetan. Alde batetik, Bergarako Musika Eskolako ikasle diren Alazne Suinaga (2008) eta Beñat Askargorta (2007). Bestetik, Lander Mujika (2008) Donostiako kontserbatorioko ikasle dena.
Biolontxelista lanetan aldiz, Aretxabaletako Paula Calvo (2007) izan zen, Gasteizko kontserbatorioko ikaslea.
Nagusienak
Euskadiko Ikasleen Orkestrarekin batera izan ziren Maite Suinaga (2004) bergararra, Donostiako kontserbatorioko ikaslea, eta Maialen Txintxurreta (2005) oñatiarra Durangoko musika kontserbatorioko ikaslea.
Orkestraren parte izateko sarbide proba ezberdinak pasa behar izan zituzten ikasle debagoiendarrek, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ikasleekin lehiatuz. Hala, Euskadi mailako 15 eta 19 urte bitarteko ikasleak izan ziren orkestraren parte, eta hauek ere aste oso batez izan ziren intentsiboki elkarlanean, gerora, kontzertu ezberdinak eskaintzeko helburuarekin.
Pasa den uztailaren 2, 3 eta 4an eskaini zituzten prestakuntza horren emaitza izan ziren kontzertuak Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kontserbatorioetan.

