Gaur ekingo diete udaleku irekiei Debagoieneko hainbat herritan

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 5a, 08:40

Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan gaur hasiko dituzte udaleku irekiak, eta Aramaion, eguaztenean. Neska-mutikoak zein begiraleak, gogotsu daude ekiteko.

Aretxabaletan, kasu. 325 umek eman dute izena eta 37 begirale arituko direla adierazi du Udaleko Gazteria teknikari Maider Etxanizek. Julen Peralesek, Loratuko arduradunak, gehitu du aurten ezingo direla ume guztiak plazan elkartu, eta herriko hainbat eremutan banatuko dira. Esan duenez, talde batzuek erabaki dute gai jakin bat lantzea udaleku osoan zehar. "Urtero moduan, jaialditxo indibidualak egingo dituzte, taldeka, eta azken jai bat ere egingo dute, mailaka antolatuta", esan du.

Eskoriatzan, bestetik, 150 ume inguru eta 21 begirale arituko dira, eta joan den urteko ordutegia luzatu egin dutela azaldu du Etxanizek: "Iaz baino ordubete gehiago izango da egunero, umeek ekintza gehiago egiteko aukera izan dezaten". Ekintzak, baina, beste urte batzuetan egin dituzten antzekoak izango dira; tartean, mendi irteerak, igerilekura irteera, herri kirolak...

Arrasaten Txatxilipurdiren ardurapean

Horretaz gain, Arrasateko udalekuetan 200 haur arituko dira, 30 hezitzailez lagunduta. Txatxilipurdi Elkarteko kide eta udalekuetako koordinatzaile Iñaki Telleriak adierazi du herri horretan ere hiru topaleku izango dituztela: Jokin Zaitegi plaza, Arimazubi plaza, eta San Antolin eskola.

Gaineratu du euren filosofiari jarraiki antolatu dituztela udalekuak; alegia, haurren parte-hartzean oinarrituta: "Haurtzaroaren kulturan sinesten dugu; hau da, umeen gaitasun eta ahalmenei aitortza egin gura diegu, eta, horrenbestez, eurekin programatuko ditugu ekintzak".

Leintz Gatzagan, hamar ume

Leintz Gatzagan, berriz, udaleku irekietan izena eman duten hamar haurrak goizez zein arratsaldez arituko dira –egubakoitzetan salbu–, eta bi hezitzaile izango dituzte lagun, nahiz eta udalekuek hilaren 16ra arte soilik iraungo dute. Gurel Guraso Elkarteak adierazi du martitzenetan eta eguenetan irteerak egingo dituztela.

Aramaion, eguaztenean

Udalekuei ekiten azkenak izango dira aramaioarrak; datorren eguaztenean iritsiko zaie txanda.

Herrigunean zehar askotariko ekintzak egiten arituko dira hurrengo asteetan 100 haur eta hamabi begirale, eta aurtengo berritasuna izango da 2 urteko haurrek ere hartuko dutela parte udalekuetan, Oihana Amezkua Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez. Otxandioko igerilekuetara egingo duten irteera izango da egingo duten "ekintza bereziena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak