Ikastaro berezi eta espezifikoa eskainiko da Aretxabaletako Leintz Udal Euskaltegian, honen azken helburua euskara ulertzen hastea izango delarik. Astean, bi orduko bi saio eskainiko dira; urritik hasita, otsailera bitarte.
Ikaskuntza-metodologia berria
Hizkuntzaren ulermenean oinarritutako ikaskuntza-metodologia berri bat probatu nahi izan dute EHUk eta Soziolinguistika Klusterrak. Euskaraldia bezalako ekimenek, arreta ulermenean jarri dutela azaldu dute, hala, elkarrizketa elebiduna praktikan jarri ahal izateko, elkarrizketako partaide guztiek euskara ulertu behar dutelarik.
Horiek horrela, Euskaraldiaren bi edizioetan euskara ez ulertzeagatik dinamikatik kanpo gelditu behar izan ziren pertsonak laguntzekotan, beraiei zuzendu zaie ikastaroa, gutxieneko ulermen maila bat lortu ahal izateko.
Izena emateko
Interesa izatekotan Leintz Udal euskaltegira (943 79 21 68) deitu edota Eskoriatzako eta Aretxabaletako udaletako euskara zerbitzuetara jo beharko da. Ikastaroa doan izango da.