Maila gorenean egin dute debuta, Eibarrekin

Xabier Urtzelai 2021ko eka. 25a, 14:00

Leire Egaña eta Uxue Iparragirre, aste barruan Eibarren.

Uxue Iparragirre antzuolarrak urrian egin zuen debuta, eta, guztira, hiru partidu jokatu ditu Eibarko talde nagusiarekin. Eider Egaña atezain oñatiarrak, berriz, talde nagusiarekin du fitxa, eta joan den astean defendatu zuen atea lehenengoz.

Emakumezkoen liga gorenari jardunaldi bakarra geratzen zaion honetan –Eibarrek Bartzelonaren kontra agurtuko du liga–, Eibarko talde nagusian Debagoieneko bi jokalarik egin dute aurten debuta, eta eurekin izan da GOIENA.

Uxue Iparragirre antzuolarrak bigarren taldearekin du fitxa, baina ezker hegaleko jokalariak urrian jokatu zuen lehenengoz talde nagusiarekin. "Aste barruan eurekin entrenatzen gara, egubakoitzetan bakarrik izaten ditugu entrenamendu saioak aparte, eta plazera izan da lehenengo taldearekin horrenbeste denbora pasatzea. Hala, urrian jokatu nuen lehenengo partidua, eta, guztira, hiru jokatu ditut. Madrilen kontra eta Huelvako Sportingen kontra beste biak. Egia esan, lehenengo partiduan ezustean harrapatu ninduelako edo ez nintzelako urduri egon, baina bigarren partiduan bai, hor igarri nuen presio gehiago".

Antzuolako jokalariarendako urte oso polita izan da, eta datorren denboraldian aukera gehiago izatea espero du. "Duela bi aste lortu genuen matematikoki mailari eustea eta datorren urtean ere bigarren taldean jarraituko dut, baina espero dut lehenengo taldean ere egon ahal izatea", adierazi du. Asteburuan harmailetan jarraituko du partidua, Bartzelonan.

Egañak, ametsa beteta

Leire Egaña oñatiarra, berriz, asteburuan izan da albiste, denboraldian zehar talde nagusiko aulkian pazientziaz zain egon eta gero azkenaurreko jardunaldian iritsi zitzaion-eta debutatzeko aukera. Taldeak galdu egin zuen, baina Egañak pozik egoteko motiboak zituen. "Orain arte izan dudan ametsik handiena bete dut", adierazi zion Erañak GOIENAri asteburuan bertan, oraindik zapatuko bizipenak fresko-fresko zituela. "Pena izan zen partidua galdu izana. Oso azkar jarri ginen markagailuan atzetik. Baina garbi geneukan emaitza gutxienekoa zela, mailari eusteko helburua lortuta geneukalako eta gozatzeko eguna zelako. Orain dela bost urte, Aloñan ari nintzela, oso urrun ikusten nuen, ezinezkoa. Badut hilabete batzuetan gustura egoteko motiborik!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak