Prestaketa lanak eginda, zabaltzen hasi dira elkarte gastronomikoak

Maialen Santos 2021ko eka. 25a, 19:23

Arrasateko Danok Bat elkartean, eguaztenean, San Juan bezperan.

Labik hartutako erabakiaren ondoren ireki ahal izan dituzte. Debagoienean zabalik daude asko, eta bazkideak itzultzeko gogotsu daudela diote presidenteek.

Egoera epidemiologikoak hobera egin duela-eta, Labiren Aholku Batzordeak orain arte indarrean egon den dekretua moldatzea eta neurri malguagoak ezartzea erabaki zuen joan den asteko egubakoitzeko bileraren ostean. Dekretua argitaratuta, zapatua ezkero dira neurri berriak indarrean.

Berritasunetako bat da urriaz geroztik itxita dauden elkarte gastronomikoak eta txokoak berriro irekitzeko baimena eman duela Labik, baldintza jakin batzuekin ireki ahal izango badute ere. Zehazki, 09:00etatik 02:00etara egon ahal izango dira zabalik, eta ostalaritzako irizpide berberak jarraitu beharko dituzte; alegia, %50eko edukiera bete ahal izango dute, gehienez ere, eta mahai bakoitzeko sei pertsona batu ahal izango dira. Zutik edota barran ezingo da kontsumitu, eta, espazio itxi guztietan legez, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da –salbuespena izanik jateko edo edateko momentua–. Azkenik, elkarte eta txokoak etengabe aireztatuta egon behar direla ere ohartarazi zuen Labik.

Prestaketa lanek, "ahalegina"

Debagoienera etorrita, herrietako elkarte gastronomiko askok ireki dituzte ateak dagoeneko. Arrasateko Danok Bat elkarteko presidente Jose Mari Balzategi, Aramaioko Gantzaga auzoko Izpizte elkarteko presidente Ainara Inuntziaga eta Bergarako Gure Ametsako presidente Andoni Urzelai Labiren erabakia jakin berritan hasi ziren norbere elkartean lanean, eta azaldu dute "prestaketa lan dezente" egin behar izan dituztela zuzendaritza batzordeko kideek, "horrek eskatzen duen ahalegina eginda". Hain zuzen, inbentarioa izan da egin behar izan duten lehena; izan ere, azken hilabeteetan almazenetan geratutako produktu asko iraungi egin dira dagoeneko, nahiz eta azaldu duten saiatu direla galdu aurretik aprobetxatzen; esaterako, bazkideei prezio merkean erosteko aukera emanez. Eskaera berriak ere egin behar izan dituzte elkarte askotan, eta, hori ez ezik, garbiketa lanak ere egin behar izan dituzte ireki aurretik. Azkenik, COVID-19ari lotutako protokoloa prestatzea ere egokitu zaie arduradunei.

Hirurek uste dute elkarteak "jendearen topaleku" direla, eta pozgarria dela berriro ere elkartu ahal izango direla jakitea: "Azken asteetan, jendea elkarteetara itzultzeko gogoz sumatu dugu, askok galdetu digute noiz ireki ahal izango ote genuen". Edozein modutan ere, edukiera kontrolatzea eta segurtasun neurriak betetzea "ezinbestekotzat" jotzen dute presidenteek, eta ohartarazi dute bazkide bakoitzaren ardura izango dela neurriak egoki betetzen direla ziurtatzea.

Jarduerak ere 02:00ak arte

Neurriak malgutzearen eraginez establezimenduek denbora gehiago eman ahalko dute zabalik, 00:00etan beharrean 02:00etan itxi ahal izango baitute; eta kultura, gizarte eta merkataritza jarduerek ere ordu horretarako eten beharko dute. Kasu horietan, edukiera %60ekoa izan daiteke, gehienera jota ere. Taberna eta jatetxeak ere ordu berera arte egon ahalko dira zabalik, eta mahai bakoitzean sei pertsona egon ahalko dira –lehen, laukoa zen muga–. Kasu horretan, baina, barneko edukiera %50ean mantendu dute eta debekatuta jarraitzen du zutik edota barran kontsumitzeak. III. eta IV. taldeetan sailkatutako gaueko aisialdiko establezimenduek, aldiz, itxita jarraitzen dute; eta I. eta II. taldeetan sailkatutakoek ostalaritzaren neurri orokorrak bete behar dituzte.

Espazio handietan, 1.600 pertsonatik beherakoetan, barruan 600 pertsona elkartu ahal dira, gehienez ere, eta kanpoan 800. Aldiz, 1.600 eta 5.000 pertsona arteko espazioetan, barruan 800 lagun egoteko aukera dago, gehienez, eta kanpoan, ostera, 1.200. Azkenik, 5.000 pertsona baino gehiagoko esparruetan gehienezko edukiera ezin da %30 baino handiagoa izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak