Mendizaletasuna eta kultura bat Urmugarekin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko eka. 23a, 16:00

Juantxo Zeberio eta Maddi Oihenart, Urbian kontzertua eskaintzen, iazko Urmuga ekimenaren baitan.

Uztailaren 13tik 31era bitartean egingo dute, aurten bigarrenez, Euskal Herri osoa zeharkatuko duen Urmuga ekimena; euskal musikari ezagunekin eta berriagoekin osatu dute egitaraua, eta sarrerak ekainaren 25ean hasita izango dira eskuragarri.

Iaz bezala, aurten ere musikaz beteko ditu Euskal Herriko mendiak eta askotariko txokoak Felipe Uriarte mendi-gidariak eta Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak beste eragile batzuen laguntzarekin abiatu zuten Urmuga ekimenak.

Iazkoa "zapore onarekin" bukatu zuten, eta, bultzatzaileen hasierako asmoa bi urtean behineko maiztasunarekin egitea bazen ere, aurten ere aurrera egitea erabaki dutela azaldu du Felipe Uriartek: "Dokumentala grabatzen ibili ginen iaz; dagoeneko lehenengo zirriborroa Mendifilm jaialdian erakutsi dugu. Eta ikus-entzunezko hori osatzeko lehenengo bi Urmugak segidan egitea hobetsi dugu".

Zeharkaldi osoa edo zatika

Angulo portutik abiatuko dira, uztailaren 13an, eta Hiru Erregeen Mahaian borobilduko dute zeharkaldia, uztailaren 31n. Guztira, hemeretzi eguneko zeharkaldia izango da, baina parte hartu gura dutenak ez daude ibilbide osoa egitera behartuta: "Hainbat aukera daude: bi astekoa, astekoa edo egunekoa ere egin daiteke. Motxila txiki batekin joango gara mendi ibilaldian zehar. Furgoneta baten laguntza izango dugu lo egingo dugun tokitik eguneko ibilaldiaren hasieraraino eta baita ibilaldiaren helmugatik hurrengo aterperaino ere".

Mendi zeharkaldian parte hartzeko izen ematea zabalik dago, info@mendiaketaherriak.eus helbidera idatzi behar da; ordaindu beharrekoa, ibilaldien ezaugarriak eta informazio gehiago Urmuga.eus atarian daude eskuragarri.

Debagoienean hiru geltoki

Urbian egin zuten iazko aldian kontzertu bat eta aurten ere hala egingo dute, uztailaren 18an, goizean; eta arratsaldean, Oñatiko Foruen plaza alboan dagoen frontoian izango da ekitaldi handiagoa. Taularen gainean izango dira, besteak beste, Et Incarnatus orkestra, Alex Sardui, Petti eta Maider Zabalegi. "Aurten indarra jarri dugu, bereziki, musikari gazteengan, Aramaioko Idoia Asurmendi eta Iruñeko Chill Mafia taldeak izango dira, esaterako, baina baita eskarmentua duten beste asko ere. Urmugako kontzertu-guneak oso bereziak dira eta hari-orkestra batekin jotzeko aukera izatea erakargarria da musikarientzat".

EKAINAREN 25EAN HASITA EROSI AHALKO DIRA KONTZERTUEN SARRERAK, 'URMUGA. EUS' ATARIAN

Aramaion uztailaren 17an izango dira. "250 urte dituen pagoaren inguruan ekitalditxo bat egingo dugu. Sekulako harribitxia da zuhaitz hori, eta zaintzea merezi du; Jon Ugartek, Santi Balanzategik eta Ana Martirenak txukundu berri dute".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak