Garapen Agentziek lau urtetarako hitzarmena berriztu dute Foru Aldundiarekin

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 21a, 15:52

200 proiektu baino gehiago egin dira azken lau urteetan Foru Aldundiaren eta Garapen Agentzien elkarlanaren ondorioz, eta aurrerantzean ere, lankidetzan jarraitzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Besteak beste, iraunkortasun planetan jarriko dute jomuga.

Hamabi urteren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta eskualdeetako Garapen Agentziek lankidetza-hitzarmena berritu dute. Bileran, Maite Anton Debagoieneko Mankomunitateko presidentea egon da. Olano diputatu nagusiak bere aldetik mankomunitateek lurralde garapenaren alde egiten duten lana goraipatu du: "Ezinbestekoa da elkarlana bultzatzea eta indarrak batzea, honela estrategia bateratuak garatzeko, Gipuzkoa lurralde lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta aurreratuagoa izan dadin".

Sinatu berri den hitzarmenak hainbat arlotako politikak sortzen jarraitzeko balioko duela azpimarratu dute foru ordezkariek. Adierazi dutenez, lurraldearen "garapena bultzatzea" da asmoa, "lidergo partekatuarekin"; hau da, bi aldeen "autonomia aitortuta".

Elkarlan horren ondorioz, azken lau urteetan 200 proiektu baino gehiago egin direla azaldu du Aldundiak; besteak beste, sustapen ekonomikoaren edo 4.0 industriaren esparruetan. "Gaur berritu digun hitzarmenarekin, datozen lau urteetarako ere lankidetza hori ziurtatzen dugu", gehitu du Olanok.

Jose Ignacio Asensio diputatuak, bestetik, azpimarratu du Iraunkortasunerako Estrategia ezartzeko, elkarkidetza beharrezkoa izango dela: "Energia pobreziari aurre egiteko, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta eraginkortasuna hobetzeko eta isurketak murrizteko ekintzak garatu nahi dituzte Aldundiak eta mankomunitateek".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak