Disko berria aurkeztu ostean, Gasteizen eskaini zuten kontzertu bat arrasatearrek, Talco taldearekin batera. "Baina telonero moduan geunden gonbidatuta eta guk gura izan dugu aurkezpena gure modura egitea, gure gertukoekin eta familia giroan. Azkenean, taldekide baten baserriko soroan egitea lortu dugu, baimenak eta tramite guztiak egin ostean, hemen gaude", azaldu du Asier Sala taldekideak.
Pandemia egoeran egonik, modu berezi batean antolatu dute ikus-entzulekoendako kokalekua. "Egur batzuk jarri ditugu, zaleak launaka egon daitezen gehienez eta hamalau bat boluntario eduki ditugu azalpenak ematen eta guztia kudeatzen. Lekua ederra da eta agertoki bikaina muntatu dugu", dio taldeko baxu-jole Ibai Lakuntzak.
The Potes taldeaz gain, Garazi Barrena eta ErNE igo dira oholtza gainera eta azken honetako abeslari Ibai Agirreurretak adierazi duenez, haien lehen kontzertua izan da gaurkoa. "Elkarren ondoan egiten ditugu entseguak eta gonbidatu egin gintuzten". Barrenak ere gustu handiz jaso du gonbidapena. "Aberasgarria izan da horrelako aukera polit bat edukitzea".