Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako gipuzkoarrak omendu dituzte; tartean hiru debagoiendar

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko eka. 12a, 13:48

Tomas Rebollo eta Pascual Askasibar elgetarrak eta Pedro Axpe bergararra dira omendutakoen artean dauden debagoiendarrak. Izan ere, II. Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako 80 gipuzkoar omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Omenaldi ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiko ohorezko plantan egin da, eta deportatutako 80 pertsonen 27 familiek hartu dute parte. 80 omenduen artean bailarako hiru gizon daude: Tomas Rebollo eta Pascual Askasibar elgetarrak eta Pedro Axpe bergararra, hain zuzen ere.

"80 izen beraien abizenekin, senide eta maite dituztenekin, idealekin eta bizitza proiektuekin. III. Reicheko makineriak zenbaki bihurtu nahi izan zituen, beraien izenak ezabatuta pertsona gisa zuten duintasuna kentzeko saiakera bezala. Baina, hala ere, baina gaur beraien izen eta abizenekin gogoratzen ditugu", azaldu du ekitaldian Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok.

"Nazien izugarrikeria lehen pertsonan bizitzeaz gain, oroimen faltaren zigor gehigarria jaso zuten" gipuzkoar hauek, diputatu nagusiaren hitzetan: "Memoria historikoa lantzeak pertsona horiei izen-abizenak itzultzea eta memoria aldarrikatzea dakar eta, aldi berean, gure gizartean egiazko kultura demokratikoa garatzen laguntzea".

Kontzentrazio-esparruen "ankerkeria" eta "krudelkeria" bizi izan zuten gipuzkoarrak bi txandatan iritsi ziren kontzentrazio esparruetara, ekitaldian azaldu duten bezala. Gerraren hasierako fasean, batez ere mendebaldeko frontean preso erori ziren soldaduak izan ziren; eta kontzentrazio esparruetan, gerrako preso izatetik preso politiko izatera pasa ziren. Bigarren fasean, gerra aurreratuago zegoela, deportatu gipuzkoarrak Frantzia okupatuan izan ziren atxilotuak, erresistentzia ekintzetan parte hartzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak